Bukatu dira sansebastianak

Uztarria.eus 2014ko urt. 21a, 08:59

San Sebastian bezperako danborradan baino talde eta ikusle gutxiagorekin, baina 00:00etan, banderaren jaitsiera ekitaldian, izan ziren Zezenzaleak, Julian Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza taldeak, Udal Musika Bandaren laguntzarekin. 22:45ean abiatu ziren sei taldeak Sanjuandegitik, eta Alde Zaharrean desfilea egin ondoren, plazan eman zioten festari bukaera (argazkian).

Udalak sansebastianen "balorazio oso positiboa" egin du aurtengoan, eta datozen asteetan danborradako taldeetako ordezkariekin bilduko direla jakinarazi dute "balorazio sakonagoa egiteko". Helduen zein haurren danborradan izandako parte-hartzea ere "eskertu" dute: "Haurrek izandako portaera txalotu nahi genuke, euriarekin ez ziren kokildu eta danbor eta barrikak astintzen jarraitu zuten-eta". 

Horrez gain, Imanol Eliasi buruzko karroza "herritarren gustukoa" izan zela azaldu du Udalak, eta Naiara eta Oihane Larrañagak egindako "lan ona" nabarmendu dute. Bestalde, sokamuturrean ere jende ugari ibili dela azaldu dute Udal ordezkariek. Horrenbestez, "modu batean edo bestean, lagundu eta parte hartu dutenei eskerrik beroenak" eman nahi dizkie Udalak.

Bandera jaitsierako bideo eta argazkiak ikusteko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide