Espetxe politika honi ez, sakabanaketarekin amaitu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2014ko ots. 6a, 13:15

Arkaitz Bellon. 36 urteko gaztea. 23 urte zituenetik espetxean; alegia, 13 urtez, autobus bat erretzeagatik. Datorren maiatzean, kondena osorik bete ostean, Euskal Herrian aske izan behar genuen. \ \ Espetxe politika krudelak bere kasuan (ere) ez du gupidarik izan. Urte luzeetan ehundaka kilometrotara urrunduta izan dute. Eta hori medio, bere senideek, Herrerako espetxera bidean, istripua izan zuten 2007an. 2008an Algecirasen, 2010ean Puerto III espetxean eta 2013an Cadizko Puerto I espetxean tratu txarrak jasan izana salatu zuen. Isolamendua ere pairatu behar izan du. \ \ Dispertsioarekin, mendekuan oinarritutako espetxe politikekin, amaitu beharra dago. Are gehiago, bizi dugun aro politiko honetan. Bake prozesua indartu ahal izateko ezinbestekoa izango da euskal presoak Euskal Herrira gerturatzea. Argi dago presoen nahiz hauen senide nahiz lagunen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela. \ \ Gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da; aspalditxo iritsi zen, egia esanda. Eta aitortu beharra dago, zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dagoela egiteko normalizazio arloan. Hala ere, arlo bakarra dago inolako aurrerapausorik eman ez dena: presoen eskubideena. Jarrerarik inmobilistenak hortxe ari gara ikusten. Eta herri honek jarrera horiek mugiarazteko soberan indar du denon artean eta ongi artikulatuz egiten badugu. Denon ardura behar luke izan eskubideen bermea aldarrikatu eta lortzea. \ \ Horregatik guztiagatik, Azpeitiko EH Bilduk gaur eta bihar (arratsaldeko 19etan herriko plazan eta eguerdian 4 hiriburuetan), beste eragileekin batera egindako mobilizazio deialdietan, "Espetxe politika honi ez, sakabanaketarekin amaitu" lemapean egingo direnak, parte hartzeko deia egiten diegu herritar orori. \ \ Eta nola ez, besarkada estu eta goxo bat helarazi Arkaitzen senideei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide