XX. mendeko Azpeitiko argazkiak ikusgai, dendetako erakusleihoetan

Uztarria.eus 2014ko ots. 18a, 13:07

Bertan Merkatari Elkarteko saltokietan XX. mende hasierako Azpeitiko paisaiak eta giroa erakusten duten argazki historiko eta argitaratu gabe ikusteko aukera izango da martxoaren 10era bitartean. 1906. urtetik aurrera, Azpeitiko epaitegian lan egin zuen Vicente Crespo leondar epaile argazkizaleak egindako argazkiak izango dira ikusgai dendetako erakusleihoetan.

Bertanekoek azaldu dutenez, Azpeitiko historiarekin bat eginez, "istorio bitxia gortzetzen dute argazki horiek": "Cresporen argazkiak haren familiaren etxean egon ziren gordeta urte luzez, Azpeitian inork haien berririk izan gabe. Haren birbiloba batek, Alberto Garcia Alvarezek, aurkitu zituen argazkiak. Egun, Renfeko bidaiarien negozio-arloko zuzendaria da Garcia, eta Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoari eman dizkio argazki horiek. Joan zen udazkenean argazki horien erakusketa egin zuten museoan".

Egitasmoa Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoarekin eta Eusko Trenekin elkarlanean jarri du abian Bertanek. Egun, argazki horiek museoarenak diren arrren, Bertan Merkatari Elkarteari utzi dizkio, eta erakusketara bertaratzerik izan ez zutenek herriko saltokietan ikus ahal izango argazkiok egunotan.

Honako saltokietan jarriko dituzte Cresporen argazkiak (argazkian, erakusleihoetako bat): Iosu Optika, Urrestilla, Nerea Eskulanak, NKN Mutil Modie, Arantxa Haur jantziak, Makibar Fruta eta Abar, Urbistondo Margoak, Iturralde Iturgintza, Ilargi, Ufito, Jostaldi Kirolak, Arrospide Oinetakoak, Biur, Agirre Oparidenda, Arkupe, Babesa Gazte Moda, Begoña Etxeberria, Yuritz Oinetakoak, Egaña Confecciones, Saltoka Haur Oinetakoak, Altuna Zapategia, Ciclos Beni, Mina Mertzeria, Mugi Kirolak, Ttipi-Ttapa, Larrañaga Kirolak eta Haurtxoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide