Joseba Tobar Arbulu Santurtzin jaio zen, 1945. urtean. 1970ean ingeniaritza ikasketak bukatu zituen, Bilboko Goi Ingeniarien Eskolan eta 1982an ingeniaritzan doktoregoa, Bilboko Goi Ingeniarien Eskolan. 1984an zientziaren soziologian masterra egin zuen, Montrealeko McGill Universityn.Egun, UPV-EHUko irakaslea eta UEUko partaidea da, eta baita Eusko Ikaskuntza eta Luganoko (Suitzako) Research Laboratory of Monetary Economics elkarteko kide ere.\
\
Joseba Tobar Arbuluk, azkenaldian, batez ere teoria makroekonomikoaz eta monetaren analisiaz jardun du eta ikuspegi garrantzitsu horretatik aztertu ditu Euskal Herriaren independentziarako aukerak. Azkenaldi honetan buru-belarri dabil Eskoziaren auziaren azterketan, monetaren inguruko analisian besteak beste. Josebaren lana maila makroekonomikoetan kokatzen da, ekonomia errealetik at (hobeto esanda, gainean… edo kontra) dagoen finantza-ekonomian. Bere ustez, eta zalantza izpirik ez du horretaz, arazo sozio-ekonomikoen konponketa (beti ere, onura publikoa edo public purpose delakoa irizpide bezala hartuta) maila handi batean esparru horri aurre egitean datza, politika monetario berrietan oinarrituz: Diru Teoria Modernoa edo Modern Money Theory. Horixe izan behar da bere ustetan, ikerlarien lehentasuna, ahaztu gabe noski ekonomia erreala garatzea/defendatzea dela azken helburua.\
\
Datorren asteazkenean gure artean izango dugu Tobar Arbulu. Herritarrongana gehiago gerturatzen den hizkuntza erabiliz, euskal estatua ekonomikoki bideragarria den aztertuko du. Bizi ditugun momentu ekonomiko hauetan gai biziki interesgarria. \
\
Sanagustinen dugu hitzordua, datorren asteazkenean, otsailak 26, arratsaldeko 19etan. \
\
Animatu parte hartzera.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide