Estatu berriak sortzeko baldintzez eta aukerez aritu zen Zelai Nikolas, ostiraleko hitzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gure Esku 2014ko mar. 10a, 13:24

Hitzaldi zikloaren baitako laugarren hitzaldiaz gozatzeko aukera izan genuen joan zen astean. Aurrekoak baino xumeagoa izan zen, bai lekuari bai entzule kopuruari zegokionez (ziurrenik, arrazoia ostiral arratsaldeak sortzen duen galbana izan zen). Ez ordea, hizlariari nahiz gaiari erreparatuz gero. \ \ Zelai Nikolasek Europan nahiz nazioartean estatu berriak sortzeko bete beharreko baldintza nahiz dauden aukera edo bide desberdinen inguruko azalpenak eman zizkigun. Bi bide desberdin estatu izatea lortzeko: adostasunezko bide bat jarraitzea bata, aldebakarreko bidea egitea bestea.\ \ Bide horiek nazioarteko adibide desberdinen aipamenen bidez aztertu ziren: Kosovok jarraitutako prozesua eta aldebakarreko independentzia aldarrikapen hark nazioarterako utzi zuen doktrina aipatu ziren batetik. Izan ere, Hayako Nazioarteko Auzitegiak horren inguruan emandako epaiak argi eta garbi utzi zuen ez dagoela inolako nazioarteko araurik independentzia aldarrikapena eragozten duenik.\ \ Nola ez, Eskoziaren aferak ere sortzen du zer esana gai honen inguruan. Izan ere, Kosovon gertatu ez zen bezala eta gurean nahiz Kataluinaren kasuan inolaz ere aurreikusten ez den bezala, Erresuma Batuak eta Eskoziak, adostasunez, eskoziar herriari bere etorkizunaz galdetzeko hautua egin dute. Datorren irailaren 18an burutuko da galdeketa.\ \ Katalunian aurrera eramaten ari diren prozesua, Quebekiarren bi galdeketak eta laster burutuko duten hirugarrena nahiz egun hauetan hainbeste entzuten ari garen Krimeako kontua ere aipagai izan ziren. Denak ala denak, zinez interesgarriak.\ \ Nazioarteko adibide horiez gain, Euskal Herriaren egoera konkretuaz ere aritu ginen. Ezinbestean euskaldunok elkarrekin lortu beharreko akordioez; Autonomia Erkidegoa, Nafarroa nahiz Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak estutuko dituen formulak aurrera eramatearen beharraz; herritarren giltza izaeraz. \ \ Hurrengo hitzaldian, eta momentuz azkena izango den horretan, Ipar Euskal Herriaren inguruan mintzatuko gara Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasle eta kazetariarekin. Lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidea gauzatu behar duen subjektuaren ikuspegitik zeharo gai interesgarria jorratuko dugu. Martxoaren 26an Sanagustin kulturgunean izango da. Nola ez, beste guztietara bezala gonbidatuta zaudete guztiok!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide