Eskerrik asko! Edo, ez.
\
\
Eskerrik asko larunbatean Soreasura gerturatu zineten guztioi. Edo, ez. Eskerrik asko, abeslari, dantzari, musikari, bertsolari eta poetei. Baita aurkezleari ere. Eskerrik asko Elizkaleko Yoga taldekoei. Edo, ez. Eskerrik asko herrialde katalanetako esperientziaz hitz egitera etorri zen Pau lagunari. Zestoatik gerturatu zen euskaldun-eskoziar bikoteari ere bai. Edo, ez. Eskerrik asko euren kamerak utzi edo erabiliz, irudi grafikoak atera zizkigutenei. Eta nola ez, Soreasuko lan tekniko guztian lagundu zigutenei. Eskerrik asko, ekainaren 8ko giza-katerako fitxak betetzen egon zinetenoi.
\
\
Eskerrik asko Eskandalue Elektrotxarangari. Zer esanik ez, txotxa girotu ziguten trikitilari gazteei. Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteari eta Sanagustin Kulturguneari eskerrik asko. Eskerrik asko Zumaiatik gerturatutako Inpernupeko joaldunei. Edo, agian, ez.
\
\
Eskerrik asko herriko bideoklipa egiten parte hartu duten abeslari, tabernari, okin, erloju-konpontzaile, dendari eta herritarrei, orokorrean. Eskerrik asko, soinua grabatzeko baliabide guztiak gure esku jarri zituen Elektrika Grabaketaki.
\
\
Eskerrik asko, orain artean esku zabalik hartu gaituzten herriko eragileei. Eragile sozial, politiko nahiz kulturalei. Kirol arloko eragileei ere eskerrak eman gure aurkezpenei bide egiteagatik. Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiei esku zabalik hartzeagatik. Edo, ez.
\
\
Erabakitzeko eskubidea denon eskubidea da. Eskubidearen egikaritzea bururaino emateko prozesu honetan denon beharra izango da. Eta predemokratikoa den eskubide horren gauzatzearen garaipena denona izango da. Nirea, zurea eta haiena. Hots, gurea. Gu guztiona. Eta beraz, gu guztiok protagonista izan behar badugu, kuriosoa egiten da protagonistok protagonistei eskerrak ematea. Edo, ez. Elkarri eskua emanez, konfiantza sortu eta egon daitezkeen desberdintasunak alde batera utzi behar ditugu. Ilusioz aritu behar dugu. Nik, zuk eta haiek. Alegia, guk. Denok. Argi dago, Gure Esku Dago maite ez ditugun horma eta harresiak eraustea. Elkarrekin libre bizitzea. Beraz, har dezagun bidea.
\
\
Bidea denona izan arren, eskerrik asko guztioi! Eta norbait ahaztu bazaigu, bereziki eskerrik asko!!!! Eta, gero arte bidelagun!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide