Emaitza onak Eibarren

Zapatuan, martxoak 29, Izarraitz Igeri Elkarteko benjaminak eta alebinak Eibarko Ipurua igerilekuan izan ziren, Kirol Zehaztasun Ligako laugarren jardunaldian. Izarraitzeko 28 igerilarik hartu zuten parte proban.\ \ Elkarteko gaztetxoek, beste behin, igeri egiteko estilo eta teknika bikaina erakutsi zuten. Denboraldia aurrera doan bezala, begi bistan da arlo guztietan egiten ari diren hobekuntza.\ \ Benjaminek, bakarkako proba banatan hartu zuten parte eta alebinek, berriz, bitan. Horiez gain, erreleboko probak ere izan zituzten.\ \ Lehen urteko alebinak 200 metro libre eta 100 metro estilo probetan lehiatu ziren. Bigarren urteko alebinak, berriz, 50 metro tximeleta, 200 metro estilo eta 400 metro libre probak zituzten eta, horietatik bi aukeratu behar izan zituzten. \ \ Lehen urteko benjaminek 25 metro tximeleta proban hartu zuten parte, eta bigarrengo urtekoek, berriz, 50 metro tximeletan. Gaztetxo horientzat, tximeleta izango da probarik zailena ziurrenik, eta hala ere, Izarraitzeko txikienak oso ondo moldatu ziren estilo honetan.\ \ Erreleboko probetan 6x25 bular mistoetan aritu ziren benjaminak eta alebinak, berriz, 4x50 estiloetan. Proba horietan ere, oso ondo moldatu ziren Izarraitzekoak. \ \ Orokorrean, emaitza onak izan zituzten Eibarren. Zorionak Eibarrera joan ziren guztiei, denak izan baitziren egiten ari diren hobekuntza erakusteko gai.\ \ Bestalde, gogoratu nahi dugu, zapatu honetan, apirilak 5, Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo ikastetxeetako LH 1, LH 2, LH 3, LH 4, LH 5 eta LH 6 mailetako gaztetxoek Eskolarteko Txapelketa izango dutela, Azpeitiko igerilekuan, 15:30ean hasita.\ \ Parte-hartzeko, ikastetxeetako kirol arduradunei eman behar zaie izena.\ \ Animatu eta eman izena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide