Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urkijok Euskal Herriko 46 udalen aurka egin du. Tartean aurkitzen da Azpeitiko udala, non, Espainiako Gobernu ordezkariaren ohartarazpena jaso duen. Kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzeagatik egin dute hainbat udalen aurka, euskararen ezagutza derrigorrezkotzat jotzeagatik.
\
\
Euskaraz aritzea ez da hautazkoa herri administrazioarentzat, legezko eskakizuna da eta administrazioaren jarduera bat ere ez dago salbuetsita, ezta kontratazioa ere. Tamalez udal administrazioek ez dute oraindik euskaraz normaltasunez lan egiten. Baina euskaraz bizitzen saiatzen garenean, bere morroiak bidaltzen ditu Espainiak, gure hizkuntza albo batera uztera exijituz eta horretara mehatxatu. Euskararen ofizialtasuna praktikan jartzea oztopatu nahi dute, normaltasunez aritzea zaildu. Eraso horrek, euskaraz jarduteko hautua egin duten instituzio guztiei ez ezik, euskaldun guztioi ere eragiten digu. Gure eskubideen kontrako inposizio onartezina da.
\
\
Euskaldunok elkarrekin egin behar dugu euskara berreskuratzeko eta indartzeko bidea, eta horretarako, Euskal herritarrei eta bereziki azpeitiarrei dei egiten diegu denok batera aritu gaitezen euskararen aldeko bidean. Horretarako aukera dugu asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan, Kontseiluak deituta Azpeitiko plazan egingo den kontzentrazioan.
\
\
Azpeitiko EHBilduk hasitako bidea jarraituko du, euskaraz bizitzeko behar ditugun neurriak adostu, erabaki eta ezarriko ditugu aurrerantzean ere.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide