1766ko matxinada, ezkututik agerira

Ez dakigu ia ezer. Baina, 1766ko apirilaren 14an Azpeiti-Azkoitietan gertatu zena jakiteko modua badago, ia-ia ordueroko segidarekin. Tolosako artxibategian daude datuak, eta orduak pasatu ditu han Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak Apirila nobela idazteko. Gariaren eta artoaren matxinada izan zen, 1766koa; gosearen matxinada. Eta gosearen matxinada hura zeharka kontatu du Aranbarrik nobela berrian, bailarako orduko egoera eta gaurkoa parez pare jarriz. 

Nobelaz baino gehiago matxinadaz aritu zen Aranbarri atzo, Azpeitiko liburuaregiaren 50. urteurrenaren baitan eman zuen hitzaldian. Jose Luis Otamendi idazle eta laguna izan zuen alboan, eta liburutegiko aretoa jendez bete zen. Interesa sortu zuen nobelak, eta baita matxinadaren kontaketak ere. 

Azpeitiko eta Azkoitiko Kultur zinegotziak aurrean zirela bota zuen proposamena Aranbarrik: "Azpeitia eta Azkotia, esaten duten moduan, egunen batean herri bakarra izaten badira, Loiolako etorbideari 1766ko matxinadare etorbidea izena jartzea". Atxilotu mordoa izan ziren, preso eramandakoak ere asko, 400dik gora auzipetu... Zerrenda ere jasota dauka Aranbarrik, guztien izen abizenekin.

Oraingo egoerak eta ordukoak antzekotasun asko dituzte Aranbarriren esanetan: "Historia herri xeheak pagatu du beti". Eta halaxe jasota dago Apirila nobelan ere. Hemen, Berria egunkariak aurreratu zuen liburuaren aurreneko atala. (Argazkia: Nerea Uranga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide