600 azpeitiarrek eman dute ekainaren 8ko giza-katerako izena

Uztarria.eus 2014ko mai. 7a, 12:34

600 azpeitiarrek eman dute ekainaren 8ko giza-katerako izena dagoeneko. Azpeitiarrek 45 eta 46 kilometroak bete beharko dituzte, azkoitiarrekin, zestoarrekin eta errezildarrekin batera, Durango eta Iruñea eskuz esku batuko dituen giza-katean, eta Zumarraga eta Ezkio-Itsaso artean kokatuko dira. Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideek, ordea, "1.000 lagun batzeko apustuarekin" jarraitzen dute, eta Ni ere banoa! kanpaina abiatuko dute datozen egunetan. Gainera, herriko hainbat txokotan mahaiak jarriko dituzte giza-katerako izena emateko, eta Gure Esku Dagoren lokala egunero zabaltzen dute, 17:30etik 19:30era bitartean, eta astearte eta zapatu goizetan, 11:00etatik 13:00etara.

Azpeitiko lan-taldeko kideek azaldu dutenez, "orain artean hainbat izan dira erabakitzeko eskubidearen aldarriarekin bat egin duten azpeitiarrak. Hala ere, oraindik ehundaka azpeitiar gara aldarriarekin bat egin eta babesa eskaini nahi dugunak. Hori horrela, datozen egunotan hamaika bitartekoren bidez, sozioekonomia, hezkuntza, kirol, kultur nahiz komunikazio arloan diharduten hainbat eta hainbat azpeitiar izango dira eurak ere badoazela adieraziko dutenak. Eremu politikoan aritu diren nahiz jardunean dihardutenei ere gure deia egin diegu erabakitzeko eskubidearen aldarria eurena egin eta denek elkarrekin ekainaren 8rako deia egin dezaten".

Dinamikako kideen aburuz, apustuaren funtsa "argia" da: "Denok, elkarrekin, modu positiboan, konfidantza sortuz, predemokratikoa den eskubidearen egikaritzea eskatzea. Eta hori guri dagokigu! Zuri dagokizu! Finean, guztioi dagokigu!".

Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikako kideek (argazkian) azpeitiar oro animatu nahi izan dute ekainaren 8ko giza-katean parte hartzera, eta ekainaren 8a antolatzeko lan egitera. Asteartero biltzen da lan-taldea 20:30ean Baigeran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide