Preso eta iheslarien ekimenari gazteok herritik bultzada

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2014ko mai. 8a, 20:10

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aurkeztutako bide orriaren baitan, martxoan abiatu eta ekainean amaitzekoa den ekimenaren aipamena egin nahi dugu. Ekimen honetan, Espainiako presondegietan dauden EPPKko kideak, Arabako Zaballa kartzelara eramateko eskaria egiten ari dira eta Frantziako espetxeetan daudenak berriz, etxetik gertuen dagoen presondegira eramateko.\  \ Bestetik, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak bere bide orrian adierazitakoari jarraituz, martxoan hasi zuen bere kideetako batzuen etxeratzea gauzatzen. Beraz, poztekoa da kolektiboko 500 inguru iheslarietatik, gutxi gorabehera 100 gure artera itzuli izana. Hala ere, iheslarien kolektibo barruan errealitate oso ezberdinak aurkitu daitezke eta beraz, momentuz guztien etxeratzea gauzatzeko baldintzarik ez dago.\  \ Ekimen hauen baitan, Azpeitiko Xegu, Gotzon, Jabi eta Pow presoek beren eskaerak egingo dituzte Euskal Herrira ekartzeko. Maiatzaren lehen hamabostaldian egingo dute eskaera aurreneko hirurek eta ekaineko lehen hamabostaldian Powk. Herriko iheslari diren Mª Angeles Artola, Pakea, eta Etxarteri dagokionez berriz,  oraindik ez dago baldintzarik gure artera itzultzeko. \  \ Egoera honen aurrean, Denok Ala Inor Ez! dinamikatik, bi kolektiboek abiatutako ekimenei bultzada emateko asmoz, ondorengo egitasmoa garatuko dugu: \  \ -Azpeitiko presoen senideekin elkarrizketak bideoan grabatu ditugu, beraien egoera eta bizipenak jaso eta sakabanaketak nola eragiten dien ezagutzeko. Ondoren, bideoa sarean zabalduko dugu, gure herriko preso eta senideen egoeraren berri emateko asmoz. \  \ -Iheslariei dagokienez berriz, barne mailako formakuntzan sakonduko dugu, errealitate honen inguruan asko baitaukagu ikasteko.  \  \ -Presoen senideei egindako elkarrizketa bidez eta iheslarien inguruko autoformakuntzaren bitartez jasotakoarekin, eskuorri edo liburuxkatxo bat osatu eta taberna eta gazte lokaletan zabalduko dugu.\  \ Azkenik, preso eta iheslariek konponbide prozesuan ekarpena egiteko hartutako konpromisoa gauzatzeko, beharrezkoa dugu denak Euskal Herrian izatea. Eta hau ez da eskaeren bitartez edo bi estatuen borondatez lortuko, herritik eta herrian egiten dugun borrokaz baizik. Denok gure alea jartzeko garaia da.\  \ Euskal preso eta iheslariak etxera!!!  \  \

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide