Atzo 25 urte bete ziren sakabanaketa politika diseinatu eta indarrean jarri zutenetik. Aljeriako prozesuak porrot egin eta Ajuria Eneako Itunean laburbiltzen zen espetxe politika berria baieztatu zuen Espainiako Gobernuak Alderdi Jeltzalearen inplikazioarekin: dispertsioa. Urteurren zinez tristea. Sufrimenduaren urteurrena. Azpeitiar ugarik ere bere larruan sufritu duten politika krudela.
\
\
Bihar, beste urte batez, Elkartasun eguna ospatuko da Azpeitian. Ospatu nolabait esatearren. Beste behin, presoei eta beren senide eta lagunei gure babesa eta elkartasuna adierazi beharrean aurkitzen baikara. Urteko gainerako egunetan ere hala saiatzen garen arren, biharkoa egun esanguratsua izaki, modu indartsuagoan, bihar batuko garen guztion maitasunak espetxeetako hormak zeharkatzea nahi dugu.
\
\
Egun, oraindik, nabarmena da gatazkaren ondorioak pairatzen ari direnak ugari direla herri honetan. Espetxeratzeko arriskuan daudenak asko dira, senide eta lagunak bisitatzeko ehunka kilometro egin behar dituztenak beste hainbeste. Espetxeak usteko garaia da, eta ez betetzeko. Konponbide garaia da eta ez sufrimenduaren garaia.
\
\
Hala ere, Euskal Herriak urteetan pairatu duen gatazkaren konponbidean nazioarteko komunitatearen inplikazioa nabarmena izan da azken hilabeteetan. Eta aurrera begira ere hala izan dadin nahiko genuke. Horretarako nazioartean gure ahotsa ordezkatuko duten ordezkariak izan behar ditugu, baita Europako Parlamentuan ere. Europako Parlamentuak asko luke esateko kontinenteko gatazkarik zaharrenaren inguruan. Bere garaian Irlandako bake prozesua sostengatu zuen bezala, lan egin behar dugu Euskal Herriak abiatu duen konponbide prozesuak Europako Batasunaren babesa izan dezan. Horretarako ezinbestekoa da ahots izatea Europako Parlamentuan, guk ez badugu egiten beste inork ez duelako lan hori egingo.
\
\
Bihar, beste behin, elkartasuna adierazi eta presoak gurekin nahi ditugula aldarrikatzeko aukera dugu. Eta hala egin behar dugu. Eta datozen maiatzaren 25ean, prozesuari bultzada emateko bozka emateko aukera dago. Gure aukera prozesuaren konponbidearen aldekoa da. Prozesuaren aldeko hautua EHBildu da.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide