Noiz atxilotu zuten? Noiztik ez dago herrian? \
\
2003ko azaroaren 17an atxilotu zuten. 2001ko urriatik ez dago herrian.\
\
2. Nola bizitzen da atxilotze momentua? \
\
Atxilotze momentua oso gogorra izaten da. Sentimendu nahasiak izaten dira. Alde batetik tristura, askatasuna galdu eta kartzelaratzen dutelako, baina, izugarrizko poza berriz ikusi eta berarekin egoteko aukeragatik.\
\
3. Nola eragiten du espetxeak senideengan? \
\
Tristura eta inpotentzia sentitzen da maite duzun pertsona espetxeratua ikustean. Bisitatzeko egin beharreko bidaia luzeek neke fisiko eta psikologikoa ikaragarria eragiten dute. Horrez gain, sekulako gastu ekonomiko da. \
\
4. Zein kartzeletan egon da? \
\
Espetxe askotan egon da Jabi: \
• Frantziako kartzelak: Fleure Merogis, Villapinte, La Sante, Moulan, Fresnes, Poissy eta Boissy.\
• Espainiako kartzelak: Soto de Real, Aranjuez, Ocaña I, Valdemoro, Ocaña I berriro, eta Sevilla II.\
\
5. Gaur egun non aurkitzen da? Zenbat kmtara? Zein egoeratan aurkitzen da?\
\
Sevilla II espetxean dago, 950 kmra. Isolamendu egoeran aurkitzen da. \
\
6. Nola bidaiatzen duzue? Zenbat bisita? Zenbat denborakoak?\
\
Senideen autobusean joaten gara normalean. Bisita normala 40 minutukoa izaten da. Horrez gain, hilean behin Vis familiarra izaten dugu, ordu eta erdikoa.\
\
7. Bidaia bat azaldu ezazue, etxetik irteten zaretenetik bera ikusi artekoa. \
\
Ostiralean arratsaldeko 17:30ean hartzen dugu senideen autobusa Itziarren eta goizaldeko 5:45etan Sevillara iristen gara. Gero goizeko 9tan beste autobus bat hartzen dugu 66 kmra dagoen “La Puebla de La Cazalla” herrira. Hortik espetxea 15 kmtara dagoenez, taxi bat hartzen dugu azkenik.\
Bueltakoan, 21:00an iristen gara Sevillara eta berriro senideen autobusa hartzen dugu. Igande goizean 8:30ak aldera heltzen gara Itziarrera eta hortik etxera.\
\
8. Nola aldatu zaizue bizitza hainbeste kmtara joan behar izatean? Senidea bat preso edukitzeak goitik behera aldatzen du bizitza. Ahal bezala antolatu behar izaten gara hainbeste kmtara bisita joateko eta lehen esan dugun bezela neke fisikoa, psikologikoa eta gastu ekonomiko haundia eragiten digu.\
\
9. Zer da dispertsioaren gauza txarrena zuen ustez? \
\
Zenbat eta urrutiago bidaia gogorragoa dela, arrisku gehiago eta ondorioz neke eta gastu haundiagoa dituelako.\
\
10. Presoari nola eragiten dio dispertsioak? \
\
Zuzenean eragiten dio, senide eta lagunak etxera iritsi arte kezkatuta egoten baita.\
\
11. Anekdotarik ba al duzue?\
\
Jabi La Sante espetxean zegoenean, 4 urteko ilobarekin bisitan joan ginen eta pixagura etorri zitzaion. Ezin zuenez lokutoriotik irten ur botila batean egin behar izan zuen pixa eta ondoren bazter batean utzi genuen. Funtzionario batek ikusi eta zer zen begiratzeko trago bat eman zion… Jabi patiorik gabe zigortuta egon zen egun horretan baina zigor horrek ez zion min handirik egin, nahikoa barre egin baitzuen gertatutakoa jakin zuenean.\
\
12. Esperantzarik ba al duzue? \
\
Esperantza ez da galdu behar, baina, gauzak aldatu nahi badira indar gehiago egin beharko dugu herritik.\
\
\
\
Salbuespen egoerekin amaitzeko presoen kolektiboak abiatutako ekimenaren harira, azpeitiko presoek ere beren eskaerak egin dituzte sakabanaketarekin amaitu eta euskal herriratzeko. Baina, estatuek, presoen eskaerei jaramon egitea nahi badugu, herritik borrokatu eta presioa egitea beharrezkoa da. Bide horretan, preso eta senideek jasaten dutenaren inguruan, herritarrak informatu eta sentsibilizatzeko, presoen senideei egindako elkarrizketetako bat duzue. Ondorengo egun eta asteetan beste senideen elkarrizketak izango dira ikusgai.\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide