Hizketaldi zinez interesagarria eskaini ziguten atzo, Nekane Zinkunegik eta Joseba Permachek. Giro goxoan aritu ginen, hain goxoa ez den (oso garratza den, zuzenagoak izanda) gai baten inguruan. Troikaren politikak eta horiek herritarrongan, orokorrean, eta euskal herritarrongan, zehazki, dituzten eranginen inguruan jardun genuen. Hitz egin genuen Troikaren egituraketa ez demokratikoaz nahiz horien interes neoliberalen funtsaz, eta gure herrian neurri horien aplikazioa dela-eta jasan ditugun eskubideen galerez. Bestalde, alternatibez ere jardun genuen. \
\
Europako Batasunean aplikatzen diren austeritate politika gisa izenpetutako horiek, lanpostuen galera masiboa ekiditeko eraginkorrak ez izateaz gain, oinarrizko eskubideen murrizketa orokorra ekartzen dutela argi dago. Eta nabarmen ari gara pairatzen hori gure eskualdean ere. \
\
Herritarrei bizkarra emanez eraikitzen den Europako integrazio eredu hori ez dugu nahi. Eta hori kritikatu eta bestelako eredu bat aldarrikatzen duten mugimendu eta alderdiekin lan egitera joan nahi dugu Europako Parlamentura. Eraldaketa soziala lortzeko bidean dihardutenekin elkarlana sustatzera.\
\
Igandean, bestelako eredu sozioekonomiko baten beharra eta nahia aldarrikatu behar dugu. Euskal Herriaren aitortza politikoa eta gurea beharko lukeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar ditugu. Eta nola ez, igandean, gatazkaren konponbidearen aldeko aldarri ozena entzunarazi behar dugu. Bai Euskal Herrian, bai Espainian, Frantzian nahiz Europan!\
\
Igandean, bozkatu EHBildu!\
\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide