'Giza eskubideak, bakea, konponbidea' lelopean, manifestazioa egingo da presoen eta iheslarien giza eskubideak errespetatu eta konponbidearen bidean, estatu frantziar nahiz espainiarrek ezarritako salbuespen neurriak amaitzearen beharra aldarrikatzeko. Presoei dagokienez, larri gaixo diren presoak askatzea, dispertsioarekin amaitzea eta baldintzak betetzen dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna erdiestea dira manifestazioa deitu duten eragileek egiten dituzten eskaerak, eta iheslariei dagokienez, euroaginduekin amaitzea eta deportatuen itzulera dira manifestuaren ardatz. \
\
Azpeitiko EH Bilduk ere, presoen gaiari heldu eta kartzela politikak ezinbestean, lehenbailehen aldaketak jasan behar dituela uste du. Era berean, iheslarien eta deportatuen aferei irtenbideak planteatu behar zaizkiela. Gatazkaren konponbidean aurrera egiteko ezinbesteko pausuak baitira. \
\
Hori horrela, herritarrak larunbatean 16:00etan Baionan egingo den manifestaziora joan daitezen animatu nahi ditugu. Autobusa egongo da eta dagoeneko izena eman daiteke Orkatzen. Autobusa 14:00etan abiatuko da, Etxe Zuri aurretik.\
\
Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko osoaren babesa duen manifestazioa.\
\
Ekainaren 14eko manifestazioak Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko osoaren sustengua eskuratu du. Diputatu eta senatari guztiena nahiz hiri nagusietako auzapezek bat egiten duten preso eta iheslarien aldeko mobilizazioarekin. Lehen aldia da holako sostengu zabala eta anitza lortzen dela preso eta iheslarien aldeko manifestazio baten alde. Ipar Euskal Herriko sentsibilitate politiko guzietako ordezkariak elkartu dira, Front National (eskuin muturra) izan ezik: PS (alderdi sozialista), UMP (eskuina), Modem eta UDI (zentroa), EELV (ekologistak), EHBAI, PNV eta NPA (ezker muturra).
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide