Asteazkenean amaitu ziren Piztu lan taldeak, Gaztetxeak, Sanagustin kulturguneak eta Elkar-ekin elkarteak Azpeitian antolatutako Energia Jardunaldiak. Eguraldiak asko lagundu ez zuen arren, Fracking Ez Arabako lagunak ordu batean iritsi ziren Azkoitira. Txalapartaz, harrera egin ostean, guztiek Matadexen bazkaltzeko parada izan zuten. Arratsaldean, Azpeitiko kaleetan, bizikleta-martxan 'fracking'-aren aurkako aldarria egin ondoren, Gaztetxera heldu ziren seiak inguruan.\
\
Geroxeago, zazpietan, hirurogeiren bat lagun bildu ziren 'fracking'-aren inguruko hitzaldian parte hartzeko. Bertan, Arabako kideek gaur egungo eredu energetikoaren eta, zehazki, haustura hidraulikoari buruzko azalpenak eman ostean, herritarrek hartu zuten hitza mahai-inguruan. Gaztetxera hurbildu ziren entzuleen parte-hartzea eta iritzi trukaketa, benetan, aberasgarria izan zen.\
\
Baina, tamalez, energiaren gaia nahiko konplexua da horren denbora gutxian lantzeko, eta 'fracking'-aren kasuan, bere larritasuna ikusita, erantzunak berehalakoa izan behar du. Zentzu horretan, hereneguneko hitzaldiak bide eman du Gipuzkoako eskualde ezberdinetako 'fracking'-aren aurkako taldeak elkar ezagutu, koordinatu eta akzio plan bati ekiteko.\
\
Gogoratu nahi dugu, energia mota horren aurkako sinadura-bilketa ibiltariak martxan jarraitzen duela egun hauetan Gipuzkoan zehar. Orokorrean, esan liteke, energia jardunaldien bi hitzaldiek hausnarketa sakona egiteko aukera eskaini dietela herritarrei gai horren inguruan, eta, horregatik, bete da antolatzaileon helburu nagusietako bat.\
\
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu jardunaldi hauetan, alde guztietan, parte hartu duten guztiei.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide