118 pertsona-izen eta abizen euskal grafiaz idazteko izapideak egin dituzte herritarrek, bi egunetan. Uztailaren 8an, asteartean, eta atzo, ostegunean, jarri genuen abizenak euskaratzen laguntzeko mahaia Azpeitiko plazako arkupeetan, eta herritarrek oso ondo erantzun diote egitasmoari. Izan ere, zortzi ordutan –lau ordu asteartean eta lau ostegunean− ehun pertsonatik gora gerturatu dira gure mahaira.
Natul Azpeitiko euskara taldeak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, izandako konfiantzagatik. Astelehenean hasiko gara izen eta deitura guztiak euskaratzeko prozesuarekin. Horrez gain, gogorarazi nahi dugu Udal Euskaltegian ere eskaintzen dutela izen-abizenak euskalduntzeko aukera. Han, horretaz arduratzen den langilea dago, eta guk emandako erraztasun berak eskaintzen ditu berak. Bestalde, zenbait ohar eman nahi dizkiegu herritarrei:
- Hemendik bi edo hiru hilabetera deituko dizuete epaitegitik. Gainera, abuztua tartean izanda, baliteke prozesua luzatzea. Haiek esandako egunean eta orduan Azpeitiko epaitegira joan beharko duzue sinadura egitera. Lana dutenek ziurtagiria eska dezakete, epaitegian egon direla frogatzeko.
- Epaitegiko papera sinatu ostean, nortasun agiriko datuak aldatu ahal izateko ziurtagiria eskatu behar diozue epaiteko langileari. Garrantzitsua da papera eskatzea; izan ere, bestela, ez dute ematen.
- Nortasun agirian, pertsona-izena edo abizena agiria iraungi ondoren alda daiteke. Lehenago aldatu nahi baduzue, ordaindu egin beharko duzue.
Izana ez ezik, izena ere euskaraz nahi dugulako, mila esker guztioi. Zuei esker euskara gehiago erabiliko dugu; ahoan ez ezik, dokumentu ofizialetan ere bai. Euskaraz zarete.