260 gaztetxok hartu zuten parte zapatuko irteeran

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2014ko ira. 22a, 21:52

Aurreneko aldia zen Eskola Kirolaren baitan Mendi irtera antolatzen zela. 2014-2015 ikasturterako ikastetxeetako ordazkariek eta Udalak erabaki dute Eskola Kirolean, benjamin mailan, aldaketak egitea. Hau da, LH 3 eta LH 4 mailetan. Kirol aniztasunaren aldeko apustua egin dute, eta kirol horietako kirol bat mendia.\ \ Pasa den zapaturako Izarraitz magalera 4.5 kilometro inguruko ibilaldia prestatuta geneuen Lagun Onak Mendi Bazkunakook. Azoka Herritik ere ostiralean hasita zen gure herrian eta, horregatik, adostu genuen irteera Frontoi Txikian izan zedin. 10:00etan irteera emateko, ordu erdi lehenago hasi ginen partaideak elkartzen. Azpeitiko hiru ikastetxeetako gaztetxo eta laguntzaileak zintzo-zintzo hasi ziren biltzen, eta 10:00etatik aurretik dena prest genuen ibilaldiari hasiera emateko. Urduritasun pixkat nabari zen bai partaideen artean eta baita antolatzaileen artean ere, eta arrazoia bakarra zen: aurreneko aldia zen horrelako ekintza bat egiten zela.\ \ Aurrez, hala ere, Lagun Onak Mendi Bazkunatik mezutxo bat bat irakurri genien parte-hartzaileei, denek jakiteko Izarraitz magaleko ibilaldia denok batera egiteko ibilaldia izango zela. Ibilaldia erabiliko genuen geure ingurua ezagutzeko eta inguruaz gozatzeko eta baita harreman berriak egiteko ere.\ \ Eguraldi bikaina egin zuen, eta horrek asko lagundu zuen dena ongi atera zedin. Irtera eman eta Etxe Zuri aurretik zehar Madalena auzorantz joan ginen. 300 lagunetik gorako taldea osatu genuen, eta Urbigain baserrira iristeko erabiliko genuen bidezidorrean jende pillaketa izan zen. Pazientziarekin hartu genuen denok eta pixkanaka-pixkanaka pilaketa sakabanatzen joan zen. Azkenak Urbigainera iristean, aurrenak Bentaberri baserri ingurura iristen ari ziren, eta elkar ederki ikusi ginen. Maldan gora orain arteko ibili guztia ikusi ostean, Bentaberrin juntadizoa eta geldiune txiki bat egitea adostu genuen.\ \ Berehala, Lastaola paretik pasa genuen eta oraindik goraka ari ginela, Urreta Txiki aurreraino heldu ginen. Bertan iturria dagoela aprobetxatuz, eguneko geldiune luzeena egiteko aprobetxatu genuen. 11:00ak ziren, eta 15 minutu inguruko hamaiketakoa egiteko aprobetxatu genuen.\ \ Ibilaldiko zatirik zailena egina genuen, eta ordura arteko ibilaldiko helburuak betetzenari ginen. Jende askok ez zituen ibilaldiko bideak, baserriak... ezagutzen, gaztetxoak ere elkarren artean talde desberdinak osatzen hasita zeuden...\ \ Ordulaurden pasa eta gero, beheranzko bideari ekin genion. antolatzailetako pare bat lagun joan ziren aurrean, beste pare bat atzean eta tartean beste hainbat gaztetxo, guraso eta parte-hartzailerekin nahastuta. Hilerri gainekaldetik, Abitain aldera pasa ginen. Garbi ikusten zen bidetik irten eta bidexketan sartzen ginenean jende pillaketak sortzen zirela. Hala ere, Abitain aldera iristerakoan dagoen basoa berehala igaro genuen, eta denok batera jaitsi ginen Abitaindik behera.\ \ Aurreikusi bezala, taldeko aurrenak 12:20ak alderako Frontoi Txikian ziren, eta azkenak 12:30ak aldean iritsi ziren.\ \ Ibilaldian parte hartutako gaztetxo gehienek argazki erraldoia atera zuten frontoian eta horrela eman zitzaion amaiera ibilaldiari.\ \ Antolatzaileak oso gustora gelditu ziren, guztiak aurreikusi eta pentsatu bezala irten zuelako. Hala ere, antolakuntzan zenbait aldaketa txiki egin daitezkela pentsatzen dugu. Orokorrean, parte-hartzaileak ere gustora ibili ziren.\ \ Lagun Onak Mendi Bazkunak maiatzean aurreikusten den bigarren mendiko ekintza, eta gogotsu gaude antolatzeko prest. Gaztetxoek jarrai dezaten nahi dugu larunbat desberdinetan dituzten kirol desberdinez gozatzen.\ \ Eskerrak partaide gaztetxoei, gurasoei eta laguntzaileei eta baita ibilaldian lagundu diguten lagunei ere.\ \ Argazkiak ikusteko:https://plus.google.com/photos/113029355069304753931/albums/6061983923564682353 .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide