Gaur, asteartea, elkarretaratzea plazan, 19:00etan hasita

Erabiltzailearen aurpegia Libre Azpeitia 2014ko ira. 23a, 09:35

Atzo, astelehena, hasi zen 28 euskal gazteren aurkako epaiketa Madrilgo Audientzia Nazionalean. Beste behin ere egoera larri batean aurrean gaude. 28 euskal gazte epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta. Sei urteko espetxe zigor arriskuan daude lan politiko soila egitearren. "Demokrazia" batean erabat onartezina da, eta berriz ere lege injustuen aurrean desobedientzia aldarrikatzeko unea dugu. Igandean Loiolako basilika aurrean eratutako Aske Guneak eman digu horretarako aukera. Atzo, desobedientzia ekimena burutuz bost gazte auzipetu ez ziren epaiketara agertu, Loiolan geratu ziren ehunka herritarren babesean eta atxiloketa agindua eman zuen epaileak. \ \ Erabat onartezina iruditzen zaigu atzokoan Loiolan ertzainek izan zuten jarrera. Bost gazteak babesteko Herri Harresia osatu zuten lagunak indarkeria handiz hartuak izan ziren eta azpeitiar bat atxilotu zuten. Sudurrean zauri nabarmenak zituen atxilotutakoak eta erietxera eraman behar izan zuten. Azpeitiko Libretik elkartasunik beroena luzatu nahi diegu atxilotu eta zauritutako azpeitiarrari. Txalogarria izan da azpeitiko sektore anitzetako herritar ugarik Aske Gunea aurrera ateratzen egindako lana eta Herri Harresian erakutsitako jarrera. Hau da bidea! Euskal Herrian azken urteotan hainbatetan adierazi dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eman nahi diogula. Lege injustuetan oinarritutako epaiketa politikoak erabat lekuz kanpo daudela. Bake aukera hau nola hala zapuztu nahi digute. Baina aurrera goaz. Konponbidearen hautua egina dugu eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko. \ \ Auzipetutako 28 gazteak libre nahi ditugula aldarrikatzeko, konponbidea behar dugula adierazteko eta azpeitiko herritarraren atxiloketa bortitza irmoki salatzeko, azpeitiko herritarrei dei egiten diegu gaur, asteartea, 19:00etan, herriko plazan egingo den asanblada eta elkarretaratzean parte hartzera. \ "Epaiketa Politikoei Ez! Konponbideari Bai" izango da elkarretaratzearen leloa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide