Zapatuan izan zuten Izarraitz Igeri Elkarteko gaztetxoek Kirol Zehaztasun Ligako lehen jardunaldia, Oñatiko Zubikoa Igerilekuan. Izarraitz Igeri Elkarteko 33 igerilarik hartu zuten parte. Batzuentzat lehen lehiaketa ofiziala izan zen eta urduritasuna nabari zitzaien.\
\
Benjaminek, bizkar estiloan hartu zuten parte eta alebinek, berriz, bular eta krol edo bizkar estiloetan. Horiez gain, erreleboko probak ere izan zituzten.\
\
Emaitza onak lortu zituzten Izarraitzeko igerilariek. Hala ere, eta beti azpimarratzen dugun bezala, adin horietan emaitzak baino helburu garrantzitsuagoak daude; kirola egiteko zaletasuna bermatzea, kirol mailako heziketan, puntualitatea, diziplina edo errespetua bezalako baloreak ikastea, igerilarien arteko adiskidetasuna sustatzea, igeriketako lau estiloak ondo menperatzea. Horren guztiaren harira iritsiko dira emaitzak.\
\
Zorionak ba igerilari, entrenatzaile eta zapatuan Oñatiko Igerilekuan izan ziren guraso guztiei. Mila esker.\
\
Bestalde, hurrengo zapatuan, azaroak 22, eskolarteko San Andres Igeriketa Saria jokatuko da Azkoitiko Udal Igerilekuan Zubiaurre igeri elkarteak antolatuta. Bertara joango dira Izarraitzeko igerilari gaztetxoak eta baita federatuta ez dauden igerilariak ere, ikastola edo ikastetxeko arduradunarekin.\
\
Gozatu eta zorte on denei.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide