Gabonetan, indarkeria matxista Azpeitiko kaleetan eta etxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista 2014ko abe. 30a, 10:55

Herrian emakumeen kontrako beste eraso baten berri izan dugu. Gizon batek emakume bat jo du eztabaidaren erdian kalean, eta guztia ikusi duten herritar batzuei esker erasoa gelditu eta erasotzailea atxilotu dute. Horrelako kasu asko ematen dira nahiz eta gutxi atera argitara. Etxeetan gertatzen diren eraso askotan, emakumeak erailak dira bizilagunek oihuak entzuten dituzten bitartean. Guztion ardura da indarkeria kasuei aurre egitea eta eraso hauekin bukatzea! \ \ Horrez gain, indarkeria matxista kasu hau ez dela kasu isolatua salatu nahi dugu beste behin ere. Ez da herrian izandako gertaera puntual bat, gizarteak sostengatzen duen egiturazko indarkeria matxistaren puntu gorena baizik. Indarkeria guzti hau herritarrok barneratuta ditugun sinismenetan eta baloreetan oinarritzen da. Gabonetan, indarkeria matxisten salaketa kopuruak gora egiten du urtero. \ \ Gabonak, hain zuzen ere, egiturazko indarkeria guzti horren ispilu garbia dira. Haurrentzako jostailuetan ikusten dugu mutilei indarkerian eta espazioaren okupazioan oinarritzen diren joko, bideojoko eta abar oparitzen zaizkiela. Neskei, berriz, arrosa koloreko "neskentzako ipuinak", printzearen zai egon beharrekoak, geldik, ixilik eta zintzo. \ \ Hamaika plater desberdinez osatutako Gabonetako otorduak pentsatu, janaria erosi, prestatu, serbitu eta ontziak garbitu ere emakumeek egiten dituzte. Gizon asko mahaitik altxatu ere ez dira egiten, eta gizartea aldatzeko eztabaida sutsuetan murgilduta izaten dira sarri. \ \ Telebistan, beste behin, publizitate sexistak puntu gorena jotzen du eta programazioaren degradazioa are agerikoagoa egiten da. \ \ Gure gizartean emakumeen kontrako indarkeria ez da kasualitatea, ez da uste bat, eguneroko errealitatea baizik. Gauza sotiletatik hasi eta agerikoetaraino. Eta hausnarketa sakona egin behar genuke guztiok gure inguruan gertatzen diren erasoen aurrean dugun jarrerarekin, geure jarrerekin. \ \ Indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa dugu egitura hori sostengatzen duten indarkeria mota guztiekin bukatzea. Horretarako gizarte feminista eraikitzeko bidean lan egitera deitzen zaituztegu, erasoei erantzunez eta beste balore batzuetan oinarritutako gizarte bat eraikiz. \ \ Herritarrak bihar, abenduak 31, 13:30ean herriko plazan egingo dugun elkarretaratzera deitzen ditugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide