Astelehenean Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 32. edizioa jokatu zen Donostiko Paco Yoldi igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko hamabost igerilari. Jon Aizpuru eta Paula Urrestilla baja izan ziren azken momentuan. Maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen; Martin Melconian uruguaiarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Merche Peris valentziarra emakumezkoetan. Omar Urbietak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten gailurrean dauden igerilari handiekin lehiatzeko.\
\
Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Maider Etxezabal, Naiara Perez, Pablo Etxeberria, Maialen Aizpuru, Aiora Beristain, Jone Goenaga, Iñaki Exeberria, Joanes Astigarraga, Maialen Sudupe, Maitane Goenaga eta Lander Uria arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Ainhoa Goenagak, Oihana Goenagak, Eva Astigarragak eta Iker Aizpuruk, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.\
\
Ainhoa Goenagak 100 metro bizkarreko finala jokatu zuen (8. postua), Oihana Goenagak, berriz, bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro libre (7. postua) eta 100 metro librean (5. postua), Eva Astigarragak 100 metro bularreko finalean (5. postua) eta Iker Aizpuruk igeriketa egokitutako 50 metro libreko finalean (4. postua). \
\
Festa garai hauek ez dira aproposenak lehiatzeko, ia denok eguneroko errutinatik kanpo ibiltzen gara eta. Entrenamendu gutxiago, gehiago jaten da, deskantsu gutxiago eta hori dena txapelketetan nabaritu egiten da. Omar Urbieta entrenatzaileak kalitatezko entrenamendu gisa hartu zuen Donostiko txapelketa, lehiaketako erritmoa lantzeko, 50 metrotako igerilekuan ohitzeko, eta abar. \
\
Zorionak eta segi gogor prestatzen!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide