Preferentea\
\
Igande eguerdian jokatutako neurketan, oso garaipen garrantzitsua lortu zuten Saizarren gidaritzapean dauden mutilek. Zumaiako zuten aurrean, 'Galtxa' azpeitiarrak entrenatzen duen taldea. Hobeto hasi zen kanpoko taldea, jokoan nagusituz, nahiz eta aparteko aukerarik ez izan. Denbora pasa ahala ordea, Lagun Onak gehiago hasi zen gerturatzen Zumaiako taldeko atezainaren ingurura eta horrelako batean, Geretaren erdiraketa baten ostean, Jon Anderrek buruz sartu zuen lehen gola. Gol horrek min eman zion Zumaiakori eta Lagun Onak eroso sentitu zen zelaian hurrengo minutuetan. Hala ere, Zumaiakok erreakzionatu eta aukera garbi bat izan zuen berdinketa ezartzeko, baina jokalariaren jaurtiketa kanpora irten zen. Ez zuen asko iraun azpeitiarren pozak, izan ere, areaz kanpoko jaurtiketa batekin lortu baitzuten gola zumaiarrek. Atsedenaldira iristeko minutu gutxi falta zirela ordea, Xubanek kornerra atera eta Zumaiakok urrundu eta gero, berriro baloia azpeitiar jokalariarengana etorri eta duda minimorik gabe, atera jaurti eta gol ederra sartu zuen, markagailuan 2-1 jarriz. Horrela amaitu zen lehen zatia.\
\
Bigarren zatia, azpeitiarrena izan zen goitik behera. Partidua erabat kontrolatu zuten eta hori gutxi balitz, neurketako golik ederrena ikusteko aukera izan zuten Garmendipera etorri ziren zale askok. Hau honela, neurketako protagonista nagusia Xuban izan zen, sartutako gola benetan zoragarria izan zelako. Lur Etxeberriak zelai erdian baloia lapurtu, Xubani pasatu eta honek areaz kanpoko jaurtiketa gogor batekin, baloia sareetan utzi zuen. Gehiago ez zen mugitu markagailua eta azpeitiarrek 3 puntu eskuratu zituzten sailkapenean gora egiteko eta arnasa hartzeko.\
\
Hamaikakoak:\
\
Lagun Onak: Josu, Albizuri, Gurrutxaga, Iturralde, Juan, Xuban (78. minutuan Azpeitia), Lur (60. minutuan Larrañaga), Jon Ander (81.min Erik), Gereta (65. minutuan Ansoalde) eta Haritz (70. minutuan Soto).\
\
Zumaiako: Iraitz, Eneko (74. minutuan Aitor), Michael, Aitor, Gaizka (59. minutuan Osa), Mikel, Aitor, Ibon, Unai, Iñigo eta Manterola.\
\
Goleatzaileak: 1-0 Jon Ander, 1-1 Eneko, 2-1 Xuban, 3-1 Xuban.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide