Berdinketa gazi-gozoa Ikasberri Garoak

Ikasberri preferenteak larunbatean Urola hirugarren sailkatuaren kontra jokatutako norgehiagoka berdindu egin zuen. Oso ondo hasi zen Ikasberri eta hiru minutu nahikoak izan zituen Landak markagailuan aurretik jartzeko. Jon Juradoren pase zoragarri batek atezainaren aurrean bakarrik utzi zuen Landa eta honek ez zuen barkatu. Urola atzetik, erasoari ekin zion eta partidu osoan izan zituen bi aukeretan, bi gol sartu zituen, hamabost minututan markagailuari buelta emanaz. Atsedenaldian markagailua 1 eta 2, atzetik ziren urdinak.\ \ Bigarren zatian, ordea, lehengo asteko antzera, erreakzio ezin hobea izan zuen Ikasberrik eta Urola bere zelaitik irten ezinda ibili zen bigarren zatiko 45 minutuetan. Aukera pare bat izan zituen Ikasberrik gola sartzeko markagailuan atzetik zela, eta hirugarrengoan ez zuen barkatu partidako jokalaririk onenak, Jon Juradok, 30 metrotatik egindako gol puskak markagailuan berdinketa jarri baitzuen berriz ere. Oraindik hogeita bost minutu falta zirela, Yeregi eta Olaizola zelairatu ziren. Lan handiak eman zizkieten zumarrakoei biek ere, Olaizolak areaz kanpo egindako jaurtiketa kornerrera bota zuen atezainak eta kornerretik Arakistain buruz ez zen iritsi gutxigaitik. Bost minutu falta zirela, Yeregik area barruan kontrola eta jaurtiketa langara bidali zuen. Partida irabazteko aukera handiak izan arren puntu batekin konformatu behar azpeitiarrek. Bukaerako emaitza 2 eta 2.\ \ Bestalde, Erregionalek galdu egin zuten Zumarragan Urola B-ren aurka 2 eta 1 penaltia huts egin ondoren. Jubenil nesken lana zoriontzekoa 1 eta 4 irabazi zutelako. Jubenil mutillek, aldiz, galdu egin zuten etxean eta kadeteak, batak 0 eta 6 irabazi zuen eta besteak 3 eta 1, kadeteen lehen taldea lehenengo postuan sendo dago eta kopa irabazteko faborito dira. Infantilek 4 eta 2 galdu zuten Zestoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide