Joan den igandean jubenilen XXXIV. San Jose Saria jokatu zen Azpeitian eta Mikel Paredes (AMPO-GoierrikoTB) izan zen azkarrena.\
\
Iraetako buelta egin ondoren, Azpeitian ihesalditxo bat eratu zen, bederatzi gizonekoa. Bertan, Aitzol Odriozola sartzea lortu genuen eta Mandubia barreneraino lasterketa buru izatea lortu genuen, bide beretik. Mandubian, berriz, kontraerasoan zetorren Oier Ibarguren sartu zen burura, baina alferrikakoa izan zen gerturatzea, pelotoiko gizonik onenak fresko iritsi baitziren portu azpira, eta gorakoan ihesaldia behera bota zuten. Mandubia gainean Unai Orbea izan zen azkarrena, erraztasun handiz lasterketa mila talde txikitan puskatuz. Matxinbentan taldetxo txikiak elkartu eta hamar bat gizoneko taldetxoa eratu zen. Ibai-Ederko urtegian behera zihoaztela, Orbeak bi gurpilak zulatu eta garaipena lehiatzeko aukera guztiak galdu genituen. 15. sartu zen Orbea eta taldeka 6. izan ginen.\
\
Lasterketaren sailkapen osoa, hemen: http://www.gtxe.org/datos/carreras/201503221908490.Clas%20Azpeitia220315.pdf?ID=1622\
\
Larunbat arratsaldean Antzuolan izan ziren jubenilak eta han ere garaipen usainean ibili ginen. Antzuola-Bergara bi itzuli egin ondoren, Oñatira joan behar izan ziren txirrindulariak. Saiakera ugari egon ziren; Ibargurenek, adibidez, itzuli oso bat ihes eginda bete zuen, baina lasterketa ez zen apurtu azken kilometroak arte. Uzarraga gainean bukatzen zen lasterketa, baina Orbeak lehenagotik erabaki nahi izan zuen, eta Bergaratik eraso eginda iritsi zen portu azpira. Azken 200 metroak arte lasterketa buru izan zen arren, ezin izan zion abantailari eutsi eta trataezin dabilen Iñigo Elosegik (Autonerbion) pasatu zuen, Gipuzkoan jokatutako lau lasterketetatik hiru bereganatuz. Orbea 5. izan zen eta taldeka ere 5. izan ginen.\
\
Lasterketaren sailkapen osoa, hemen: http://www.gtxe.org/datos/carreras/201503211943010.ClasAntzuola.pdf?ID=1620\
\
Kadeteek Eibarren izan zuten lasterketa igande goizean eta lehendabizi Elgoibarrera eta gero Bergarara joan behar izan ziren. Lasterketa kontrolpean joan zen pelotoiarentzat une osoan eta Soraluzeko aldapatxoa epaile izan zen, urtero legez. Unai Iribar (Limousin-Oriako) izan zen lasterketaren garailea eta Atracciones Sanz-EPIko lehen txirrindularia, Benigno Leon, 28. sartu zen.\
\
Lasterketaren sailkapen osoa, hemen: http://www.gtxe.org/datos/carreras/201503221405080.Clas%20Eibar220315.pdf?ID=1621\
\
Gogoratu, bestalde, igande honetan kadeteen XXXV. Azpeitia Saria izango dugula jokoan. 16:00etan izango da irteera, Errebalean, eta txirrindulariek Urrestilla, Loiola eta Zakila Bira barne hartuko dituen ibilbidea osatu beharko dute. Ikusi ibilbidea eta ordutegiak: http://www.gtxe.org/datos/carreras/201502181914460.Recorrido%20AZPEITIA%2029-03-2015.pdf?ID=1623
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide