Orain dela bi aste herriko hainbat taldetako ordezkariak batu ginen aurtengo Azoka Herritik antolatzeko lehen oinarriak jarri asmoz. Ezer baino lehen, azken bi urteotan egindakoaren balorazio txiki bat egin genuen, ondo egindakoak azpimarratuz eta hutsuneak bilatzen saiatuz. Ekimena martxan jarri genuen hartan, urtean behin egindako azoka bat baino gehiago izateko xedea jarri genuen, eta maila batean pozik gaude emaitzarekin. Guztira, lau azoka egin ditugu, irailean eta Gabonetan. Herriko taldeen mapa egin eta kaleratu dugu. Agenda bateratua martxan jarri dugu Uztarriarekin elkarlanean. Sanjuandegira zabaldu dugu ekimena. Eta, herriko taldeen arteko harremanak indartzeko urrats handiak egin ditugu. Taldeen arteko elkarlana errealitate da gaur egun Azpeitian, eta Azoka Herritik ekimenak lagundu du horretan.
\
\
Aurrera begira, irailerako azoka prestatzeko lanetan hasiak gara, esan dugun bezala. Orain arte ikasitakoak lagunduko digu ekimena hobetzen, baina ezinbestean ahalik eta herritar nahiz talde gehienen elkarlana beharko dugu aurrera egiteko. Sinistuta gaude lehiakortasunetik baino, elkarlanetik herri hobea egingo dugula. Tokikoa bultzatuz, denok ondo biziko garen herri justu eta anitz bat egin nahi baitugu. Zentzu horretan, herriko taldeen protagonismoa beharrezkoa izango da.
\
\
Horrela bada, talde guztiei dei egin nahi diegu aurtengo Azokaren antolaketan parte har dezaten. Nahi duenak bileretan, nahi duenak proposamen ezberdinak eginez, edo bere ekimenak prestatuz.
\
\
Datorren asteartean, 18:00etan elkartuko gara berriz, Sindikatu Zaharreko hirugarren pisuan. Gurekin harremanetan jarri nahi duenari helbide honetara mezu bat bidaltzeko eskatuko genioke: azoka.herritik@gmail.com.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide