Elkar-ekinen eta herriko hainbat sortzaileren elkarlanaren fruitua da ostiral honetan aurkeztuko dugun ikuskizuna. Fabrika huts baten ideiatik abiatuta, antzerkia, musika eta poesia erabiliko dira gaurko gizartearen gainean gogoetak, kezkak, galderak eta iritziak plazaratzeko. Duela zenbait hilabete egin genuen aurreneko bilera, eta geroztik ekarpen ezberdinekin osatzen joan gara ostiralean aurkeztuko dugun emankizuna.\
\
Honako herritarrak izango dira emanaldian parte hartuko dutenak: Xabier Gantzarain, Xabi Borda, Juan Azpillaga, Nekane Zinkunegi, Jon Gurrutxaga, Felipe Murillo, Haizea Egiguren eta Xanti Agirrezabala. Jose Luis Otamendi arduratu da hainbat testu idazteaz eta aukeratzeaz. Kartela Lorea Diazek egin du eta bideoa, berriz, Aritz Arzallusek. Horiez gain, asko izan gara modu batera edo bestera ekimen hau posible egin dugunak.\
\
Poesia, musika eta antzerkia nahastuko dira emanaldian, eta 50 minutu inguru iraungo ditu. Oholtza, soinua, argia eta aulkiak prest izango dira hamarretarako. Gure asmoa ordutegia errespetatzea izanik, bertaratzeko asmoa dutenei ordurako han izatea eskatu nahi diegu.\
\
Elkar-ekin taldeak beti egin du apustua herriko sektore ezberdinekin elkarlana bilatu eta batera egin ditzakegun ekimenak bultzatzeko. Zentzu horretan, aurrez eskerrak eman nahi dizkiegu kultur sortzaileei erakutsi duten jarreragatik, eta baita Azpeitiko Kultur mahaiari, Sanagustin kulturguneari eta Azpeitiko Udalari ere, beraien laguntza beharrezkoa izan zaigulako ekimena antolatzerakoan.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide