Atzo jarri zen abian Azpeitiko Arropa Bankua

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2015ko urr. 14a, 09:42

Irailean martxan jarri zen Elkarguneko beste proiketu bat da Arropa Bankuarena. Azken hilabeteotan asko eta asko izan dira Elkargunera arropa ekarri duten herritarrak. Horrela bada, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean herriko 170 herritar eta familiari arropa dohain banatuko diegu aurrerantzean. Arropa beharrean direnek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin jarri beharko dute aurrena harremanetan. Ondoren, Elkar-ekineko Arropa Bankuko lan-taldea arduratuko da familia eta pertsona horiei arropa banatzeaz. Anonimotasuna eta diskrezioa gordeko dira arropa banatzerako orduan.\ \ Horrela, behar larrian dauden herritarrei dei egin nahi diegu Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin harremanetan jar daitezen.\ \ Bidez batez, Elkargunera arropa eta material ezberdina ekartzen jarraitzeko deia luzatu nahi dugu Elkar-ekineko kideok. Izan ere, herritarren erantzuna bikaina izan da gaur arte.\ \ Arropa Bankua auzolan zabalaren bidez egindako egitasmo solidarioa da. Injustizia egoera bizi dutenekiko elkartasuna adieraztea eta horien beharrak arintzen laguntzea da gure xedea. Baina argi dugu, injustizia egoera horiek gainditzea dela azken helburua. Zentzu horretan, herri justu baten alde lanean jarraituko dugula azpimarratu nahi dugu. Kapitalaren gainetik pertsona lehenesten duen eredu sozial eta ekonomikoa lortzeko garrantzitsua izango da herritarren inplikazioa. \ \ Bide honetan lan egiteko hamaika talde eta ekimen daude Azpeitian, eta horietan parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi diegu xede honekin bat egiten duten herritarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide