Larunbateko neurketak Garmendipen

Neurketa hauek jokatuko dira larunbatean Garmendipen.\ \ Ohorezko Kadetea: Lagun Onak - Amaikak Bat (larunbata, 11:00)\ \ Iban San Martin eta Lur Etxeberriak zuzentzen duten taldeak dinamika aldatzea nahi du. Orain arte joko ona erakutsi dute baina ate aurrean zorterik ez dira ari edukitzen eta, aldiz, aurkariek edukitakoak barrura sartzen dituzte. Erronka polita dute oraingoan, Debako taldearen aurka.\ \ Infantil Txiki: Lagun Onak - Eibar (Larunbata, 11:30)\ \ Rikardo Amubietak eta Eder Amubietak zuzendutako taldeak aurkari gogorra izango du aurrean, Eibar, hain zuzen ere. Txapelketa ez dute ongi hasi Lagun Onakekoek, baina egoerari buelta emango diotela seguru daude. Neurketa polita dute, mutilek motibazioa ez dute faltako.\ \ Jubenilak: Lagun Onak - Arenas (larunbata, 15:30)\ \ Xuban Peñak, Aitor Aierbek eta Unai Etxanizek zuzentzen duten taldeak olatu onaren gainean jarraitu nahi du. Hasiera oso ona egin dute eta sailkapeneko goiko postuetan kokatuta daude. Zazpi neurketatan hiru irabazi, hiru berdindu eta bakarra galdu dute. Sailkapenean 6. postuan daude, 12 punturekin. Aurrean izango duten taldea liga honetako oilarretako bat da, hain zuzen ere, Arenas taldea. Bizkaitarrak dinamika oso onean daude, beraz, neurketa gogorra espero da.\ \ Preferentea: Lagun Onak - Amaikak Bat (larunbata, 17:00)\ \ Mikel Salegi 'Kortatxo'-k, Iskander Etxezabalek eta Josu Larrañagak zuzentzen duten taldeak neurketa garrantzitsua jokatuko du Amaikak Bat taldearen aurka, larunbatean Garmendipeko zelai naturalean. Aurreko aste bukaeran, azkenengo minutuetan galdu zuten Aretxabaleta taldearen aurka eta egoerari buelta emateko gogoarekin daude jokalariak. Atsedenaldian, ohiturei jarraituz, Zabala harategiaren eskutik bi txuleta eder eta bi botila ardo zozkatuko dira.\ \ Animatu eta etorri taldeak animatzera. Aupa Lagun!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide