Maider Agirrek idatzi eta autoekoitzi, eta Idoia Beratarbidek ilustratu duten 'Bihotzero' liburuaren aurkezpen solasaldia izango da Emakumeen Txokoan datorren astelehenean, azaroak 9, 19:00etan. Liburuko ilustrazioen erakusketa ere bertan ikusi ahal izango da.\
\
'Berria'-tik ateratako erreportajea duzue ondorengoa, interesa pizten joateko:\
\
\"Egun bat, bai eta egun hori bizitzen duen pertsonaren sentimenduak eta bizipenak. Horixe da Maider Agirre idazleak 'Bihotzero' lehen eleberrian kontatu duena. Baina hori baino gehiago ere bada, \"arkitektura berezia\" baitauka obrak. Trama nagusiaz gain, hainbat istorio biltzen dituen \"matrioxka bat\" da. Hala, eleberriak badu poesiarik, badu saiakerarik, badu ipuinik... Azken finean, \"ohiko nobela batetik ezberdintzen dituen elementuak dauzka\". Egileak berak autoekoitzi du, eta Joxerra Gartziaren babesa izan du prozesu guztia aurrera eramateko. Era berean, Idoia Beratarbide sortzaileak ilustratu du: batetik, liburua bera atondu du irudiz; bestetik, hari nagusiaz aparte dauden hogei testutxoak marraztu ditu, postaltxoetan.\
\
\"Eleberriei buruz hitz egitea abentura zapuztea iruditzen zait\", esan du irmo Agirrek. Eta, horregatik, zertzelada batzuk baino ez ditu eman nahi izan edukiaren inguruan. Oinarrizkoena baino ez. Lehenik eta behin, Euskal Herrian kokatuta dagoela. Bigarrenik, giroa. Hari mutur batzuk, alegia. Ideia orokor bat ere harilkatu du, dena den: emakume baten egun bat da azaldu duena, jaikitzen denetik gauean lo hartzen duen arte. Nolabait ere, bi mundu uztartu ditu: protagonistari gertatzen zaiona, eta bizitzen eta pentsatzen duena. \"Anabasa\" batean bezala nahastu du dena, gainera.\
\
Familia. Horra elementu estrukturatzailea. Izebari bisitan doa emakumea, eta hark kontatutakoek sortzen dute narrazioa. Agertutako batzuk pasadizo ezagunak izango dira pertsonaia nagusiarentzat; beste batzuk, ordea, ezagutzen ez dituen sekretuak. Ez da sorpresarik faltako, halaber: \"Iraganetik datorren oparitxo bat\" emango dio-eta izebak.\
\
Poesiei, idazki laburrei eta besteei dagokienez, \"denetarik\" lantzen dute: gai poetikoak, filosofikoak, \"haragizkoak eta larruzkoak\", adibidez. Esaterako, 'Donutsa' da baten izenburua; 'Hitzak' beste batena; eta 'Paris' beste batena. \"Narrazioaren eta poesiaren artean daude. Oso errez sartzen diren kontakizunak direla iruditzen zait\".\
\
Testutxoak eta kontakizun nagusia ustez aparte badoaz ere, zentzua hartuko dute bukaera partean, eta argi eta garbi geratuko da elkar elikatzen duten osagarriak direla.\
\
Autoekoitzi, aske izateko\
\
Aspaldi idatzi zuen liburua Agirrek, 2009an, eta baietz esan zion orduan argitaletxe batek, baina itxi egin zuten. Geroztik, argitalpen prozesu \"luzea eta gogorra\" jasan behar izan du. Konponbidea: kaleratzea bere esku egotea. \"Duintasun kontu batengatik\" erabaki zuen hala egitea: \"Musika jar dezatela, baina nik nire erara dantzatuko dut, inori konpasa jarraitu gabe. Autoedizioak hori sinbolizatzen du\". Horrek eman zion Beratarbide ezagutzeko aukera. \"Haren lanarekin nire nobelak beste dimentsio bat hartu du\".
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide