Lagun Onak eta Ikasberriren arteko derbian nagusi izan zen talde bisitaria. Izan ere, Ikasberrik bisitari bezala jokatu zuen ligako neurketa igandean, Garmendipen bildutako jendearen begiradapean. Hotzari garrantzia kendu zioten bertara hurbildu ziren 300 bat lagunek, eta giro polita izan zen harmailetan.
\
\
Ikasberrik lehen zatia oso ondo hasi zuen, erasokor eta aukerak sortuz, presioa goian eginaz eta baloi asko harrapatuz, baina aurkariaren zelaian jokatzeaz aparte, 15. minuturako aurretik jarri zen Iker Arregiren ezkerkada bikain baten ondorioz. Denboraldian lehen aldiz, Ikerrek eskuin hegalean jokatu zuen eta baloia zabalduta hartu zuen lehen aldian, jokalari bat atzean utzi zuen, 25 metrotatik egindako jaurtiketarekin zutoina jo eta sareetara bidaltzeko. Ez ahazteko moduko gola egin zuen eta jendearen txalo artean ospatu zuten Omar eta Joanesen mutilek. Ikasberrik erasoan jarraitu zuen golaren ostean, eta bigarren aukera Mikel Yeregik izan zuen, berak egindako jokaldi batean, gutxigatik kanpora bota baitzuen baloia. Lehen zatia kontrolpean izan zuen Ikasberrik, markagailuan aurretik zela, eta Lagun Onak ez zen aukerarik sortzeko gai izan.
\
\
Bigarren zatian, Lagun Onakek gehiagotan izan zuen baloia. Markagailuko errentarekin, defentsa lanean gehiago zentratu eta kontraerasora irteteko planteamendua egin zuen Ikasberrik. Baloirik gabe sendotasuna erakutsi zuen talde urdinak, Igor eta Luken zentralek eta \'Komuntzo\' eta Zubeldia hegaleko defentsek momentu oro segurtasuna eta lasaitasuna eman zioten taldeari.
\
\
Lagun Onakek saiatzen jarraitu zuen, baloia mugitzen, eta Ikasberrikoak proban jartzen ere saiatu zen, baina ezin zuen aukera garbirik sortu. Aldaketekin abiadura sartu zuen aurrean Ikasberrik, kontraerasora irteterakoan min gehiago egiteko asmoz. Aldaketek bere fruitua ekarri zuten; izan ere, pare bat abisu eman ondoren, partidaren ondarrean, aurten Zestoatik etorritako Pablo aurrelariak txapela kentzeko moduko gola egin zuen. Zelai erdian baloia hartu, bi jokalariri ihes egin, hirugarren bati "autopase" bat egin eta, atezainaren aurrean, zutoin ondotik sareetara bidali zuen baloia, partida bideratuta utziz. Denboraldiko golik onenetakoa egin zuen aurrelariak eta bertan zeuden 300 bat lagunen txalo zaparrada entzun zuen. Azken emaitza, Lagun Onakek 0 Ikasberrik 2. Ikasberri nagusi partidan, eta nagusi sailkapenean.
\
\
Bolada honi jarraipena eman nahi diote ligan hirugarren postuan diren Ikasberriko mutilek. Aste honetan, zapatuan, Ikasberri eta Beasainen arteko neurketa jokatuko da. Partidu ezin garrantzitsuagoa, hor goian jarraitu nahi badugu!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide