Euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen dute oraindik eta Azpeitiko Saretik beraien eskubideen aldeko ekimenak antolatu ditugu Gabonetarako. Sakabanaketa eta urruntzea jasan behar izaten dugu presoek eta beren senideek, 12 preso gaixotasun larriekin espetxean mantentzen dituzte osasun asistentzia egokirik gabe eta 70 urtetik gorako presoak ere espetxean mantenduak dira. \
\
3 azpeitiar daude Frantziako eta Espainiako espetxeetan sakabanatuta: Josu Urbieta 'Pow' Vivonneko espetxean 485 km-tara, Joseba Segurola 'Xegu' Lannemezango espetxean 269 km-tara eta Gotzon Aranburu Alacanteko espetxean 732 km-tara. Etxarte eta Pakea, aldiz, Kuban eta Venezuelan aurkitzen dira.\
\
Azpeitiko Saren preso eta iheslarien giza-eskubideen aldeko lana egiten dihardugu, eta Gabon hauetarako bi ekimen antolatu ditugu Azpeitian. Abenduaren 24an 19:00etan plazan elkarretaratzea egingo da, eta abenduaren 31n igerileku aurretik manifestazioa abiatuko da, 18:30ean. \
\
Euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen, sentsibilitate ezberderdineko pertsonen arteko elkarlana beharrezkoa da. Elkarlanaren bidez eta aniztasunetik eman behar ditugu pausoak eta, beraz, Azpeitiko herritar guztiei Gabonetako mobilizazio hauetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu.\
\
Azkenik, urtarrilaren 9an Bilbon Sarek antolatutako manifestaziora joateko autobuserako izen-emateak ere jarrita daude Izaro, Jim Clark, Pastorkua, Urtzi, Orkatz eta Etxe Zuri tabernetan. Autobusak 15:30ean aterako dira anbulatorio aurretik.\
\
Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea.\
\
Euskal Presoak Euskal Herrira.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide