Asier Altuna azkoitiarra eta Nerea Goikoetxea zestoarra Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituak. Aski da!

Erabiltzailearen aurpegia Libre Azpeitia 2016ko urt. 11a, 11:28

EHAK alderdi politikoarekin erlazionatutako lana egiteagatik, \"kapital zuritzea\" eta \"erakunde terrorista laguntzea\" egotzita 27 euskal herritar deklaratzera deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horien artean dira Asier Altuna azkoitiarra eta Nerea Goikoetxea zestoarra. Astelehenerako eta astearterako deitu ditu auzitegiak. 2008an ere deklaratzera deitu zituzten 27 kide horiek, EHAK alderdiaren kontuekin lotuta, baina gaur arte sumario sekretupean izan da auzia. Disidentzia politikoa zigortzea du helburu Espainiako Gobernuak zitazio berri hauekin.\ \ Iragan ostiralean, deklaratzera deitutako hainbat lagunek agerraldia egin zuten eta, han salatu zutenez, \"jardun politiko publikoa\" egiteagatik jarri dituzte auzibidean: \"Duela zortzi urte arrazoi beragatik deklaratzera deitu gintuzten\". Orduan auzipetutako batzuk ordutik espetxean daudela esan dute, eta beste batzuk zigorra osorik bete ondoren, berriz auzibidean jarri nahi dituztela adierazi dute. Horrez gain, beste epaiketa batzuetan absoluzioa jasotako pertsonak ere deitu dituztela jakinarazi dute.\ \ Epaiketek eta jazarpen politikoak \"etenik ez\" dutela ere esan dute: \"Gu deklaratzen gauden bitartean, 04/08 auziko lagunak egongo dira epaigelan, eta bien bitartean, urtarrilaren 12an beste bost donostiar ere epaituko dituzte, preso bati harrera egitea egotzita\".\ \ Espainiari epaiketa bidez \"gatazka egoera betikotu\" nahi izatea leporatu diote: \"Epaiketa politikorik gabeko herri bat nahi dugu, behin betirako bakea eta konponbidea nahi ditugu eta gure esku dagoena egingo dugu inmobilismoaren harria mugitzeko\".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide