Urte eta erdi bat

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2016ko urt. 17a, 09:26

(Berria.eus-eko \'Lerro batzuk\' blogean ateratako artikulua: http://www.berria.eus/blogariak/lerrobatzuk/) \ -- \ Euskal estatus politikoaz, sinbolikoki badaere, erabakitzen hasteko urtea da 2016a Euskal Herrian. Oraingoz publiko egin denez behintzat, Azpeitian egingo dute urteko lehen kontsulta: ekainaren 12an. Galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". Gipuzkoako aurrena izango da, eta 10.000 biztanletik gorako estreinakoa –14.600 biztanle inguru dauzka–. Orain arte Etxarri Aranatzen –Nafarroa; 2.400 biztanle– eta Arrankudiagan –Bizkaia; 950– egin dira, biak 2014an –apirilean eta azaroan–. Beraz, azkenekotik Azpeitikoa, urte eta erdi pasara. Ez ote den denbora on bat galdu, horixe galdera edo kezka. Kontua ere ez da mimetismoz aritzea, baina Katalunian estatuari / independentziari buruzko lehen herri galdeketa 2009ko irailean egin zuten, Arenys de Munten, eta hiru hilabetera beste 167 herritan egin zituzten. Eta urte eta erdi pasatxoan –2011ko apirilera arte–, 554 guztira. Kataluniako politika baldintzatu zuen faktoreetako bat izan zen kontsultena. Euskal Herrian, batez ere EAEn, hango tempusen arabera, urte eta erdi bat badago politikan eragiteko edo baldintzatzeko, batzuei mugimendu sozialek halakorik egitea gustatu ez arren. EAEn hasi dira estatutu berri baten oinarri politikoak mahai gainean jartzen, baina urrian izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak –aurreratu ezean–, eta ordura artean ez da estatuturik izango, ezta, ematen duenez, testu artikulaturik ere. Gabonetan legoke Jaurlaritzako lehendakaria, ondoren gobernua, 2017 hasieran abian erkidegoko legebiltzarra, ondoren ustez berriro martxan autogobernu lantaldea eta haren prozesua... Ezusterik ezean, 2017 bukaerarako ez legoke bederen EAEko estatutu berririk –eta, gainera, kontuan hartu beharko dira Madrilen jarrera eta Kataluniako prozesua zertan diren ere–. Gutxienez, urte eta erdi bat bada herri galdeketekin behetik gora indar bat egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide