Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko Elkarteak aste honetan abiatuko du, urtero egiten duen legez, janari bilketa kanpaina. Saharar errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko oinarrizko jakiak bilduko ditugu: arroza, lekaleak (lentejak, babak...), atuna eta sardinak latan, azukrea eta konpresak. Janaria eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago izango dituzte. Batetik, herriko hiru ikastetxeetan janari bilketa puntuak egongo dira urtarrilaren 18tik 29ra bitartean. Eta bestetik, hilaren 23an Eroski eta BM supermerkatuetan egongo gara janaria jasotzen.\
\
Khamar elkartea errefuxiatuen kanpamenduetako eskola batean kooperazio proiektu bat ari da garatzen, 2008. urtetik. Aurten, eskolatik eskari berezi bat egin digute: haur eta gazteentzako motxilak behar dituztela. Beraz, Elkar-ekinekoekin batera motxila bilketa kanpaina bat jarriko dugu martxan gaurtik, hilak 18, aurrera. Etxean jada erabiltzen ez duzuen motxilaren bat edukiz gero, beraz, ikastetxeetako bilketa puntuetara eraman dezakezue, edota bigarren eskuko materialak jasotzen ditugun ohiko puntuetara eraman (Gazte Informazio Bulegora edota Soreasuko Elkar-ekineko lokalera).\
\
Gaztetxeak esku bat bota nahi izan digu aurtengoan ere. Azken aldian hain famatua egiten ari den jantoki begetarianoa urtarrilean saharar herriaren aldekoa izango da. Urtarrilaren 28an, osteguna, izango da. Menu begetarianoa eta sahararra izango ditugu bertan gozatzeko eta, afalostean, saharar bakarlari ospetsu baten kontzertua. Jantokiarekin biltzen dugun diru guztia, saharar errefuxiatuen kanpamenduetara bideratuko da.\
\
Urtero bezala, elkartasun keinu mordo bat jasotzea espero dugu, bakoitzak ahal duen neurrian, baina asko eman dezakegulako.\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide