Duela sei urte hartu genuen jaiak antolatzearen lekukoa. Gogoz eta ilusioz heldu genion erronka berriari, auzoa indartu eta auzotarren harremanak saretu asmoz. Poliki-poliki hasi ginen ibiltzen, oztopoak eta mugak gaindituz, behin eta berriro erori eta altxatuz.
\
\
Atzera begira jarri eta, zerbait lortu dugulakoan gaude. Parranda eta festaz gain, herrian erreferente ere bagarelako. Eta ez da gutxi. Jaiak balioak lantzeko tartea izanik, bide honetan ere lan txukuna egin dugulakon gaude, jai jasangarrien alde pausoak eman ditugu, ekitaldi guztietan emakumeen presentzia bermatzen saiatu gara, jaiak euskaldundu ditugu, elkartasuna zabaldu eta, batez ere, ZU festaren protagonista egin zaitugu. Merezi izan du, zalantzarik gabe.
\
\
Baina jaiaren izaera dinamikoa kontuan izanik, lekuko aldaketa beharrean ikusten gara. Aurreko urtetako lan karga ikusirik, ezinbestekoa iruditzen zaigu auzotar nahiz herritarren bultzada, arnasa. Horrela izan ezean, hainbat neurri hartu beharko ditugu. Ea ez den horrela. Indarrak batzeko garai da!
\
\
Beraz gaur, asteazkena, 21:00etan, bilera zabal bat egingo dugu auzo lokalean aurtengo jaiei begira. (Festetan esku bat botatzeko prest zaudeten guztiok azaltzea ere beharrezkoa ikusten dugu, festak aurrera ateratzeko dugun indarra neurtu ahal izateko)
\
\
Mantangorriri hegoak berritzera goaz, gogoz eta ilusioz auzora itzuli dadin. Bertan ikusiko garelakoan agurtzen gara! Eskerrik asko!
\
\
Jarrai dezagun biharko auzoa praktikatik eraikitzen.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide