Duela egun batzuk, bazkaltzeko garaian, ez ginen konturatu. Arratsaldeko orduak aurrera joan ziren eta afal ordua iritsi. Mahaia ipini, afaria prestatu eta platerak betetzen ari ginela, hara! Sorpresa! Eskerrak ez dudan bokata jateko gogorik izan, bestela akabo nire aho preziatuko hortzak!\
\
A ze komeria. Entzunda nengoen azken bolada honetan 'fashion' ari dela bihurtzen ogia tuneatzea: tamaina ezberdinak, kolore ezberdinak, zapore ezberdinak, kolesterola jaistekoak... aukera izugarria. Entzun gabe nengoen, ordea, burnia zuen ogia egiten zutenik. Bai, 3 edo 4 zentimetroko burni zati bat aurkitu genuen ogian! Entzun gabe nuen, bai, baina niri horrela tokatu zitzaidan. \
\
Ez dakit utzikeria den, istripu bat izan den, sutearen ondorio izan den. Hankasartze handia da, ordea. Niri tokatu beharrean beste norbaiti tokatu izan balitzaio eta ahora sartu izan balu, zer nolako txikizioa egin zitekeen. Ume baten ahoan, nagusi baten ahoan, edo gutako edozeinen ahoan, berdin zait...\
\
Dendara hurbildu eta burnia zuen ogia entregatu ondoren, nagusiak esan zidan okinari esango ziola eta kontu horiek guztiak. Baina aste bat pasatu eta ez barkamenik, ez hitzik gaiaren inguruan, eta horrek 'malaletxean' jartzen nau. Denok izaten ditugu hankasartzeak edo istripuak, baina barkamena eskatu eta onartzeko ausardia izan beharko genuke.\
\
Idatzi hau, nire amorrua erakusteko besterik ez da.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide