Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Harridura sortarazi zidan duela hilabete, urtarrileko Uztarriaren urtarrileko alean, irakurri nuen elkarrizketa batek. Josemari Bastidari egindako elkarrizketa luzeak, alegia. Aukera bikaina izan zitekeen, elkarrizketa hori gure herriko hainbat pasarte argitzeko. Baina, uste dut elkarrizketak ez zituela jasotzen aukera hori baliatzeko galderak. Zintzoki diot, beti ere kazetaritzari zor zaion errespetuz, Josemari Bastidak argitu beharko lituzkeen hainbat gai ez dituela argitu, ez direla planteatu ere egin. Askotan esaten da azterketak irakaslea epaitzen duela ikaslea baino gehiago. Eta nere irudiz azalpenak ematea baino bere burua eta bere kudeaketa saltzeko balio izan dion elkarrizketa da. Alde ederra dago Uztarriak orain urte batzuk Bastidari berari argitaratu zion elkarrizketarekin.
\
\
Josemari Bastida kudeatzaile eta estratega handitzat agertzen zaigu, egia ez denean, nire iritziz gutxienez. Luze eztabaidatu daiteke pertsonaia beraren inguruan. Bere garaiko erabaki asko aztertzekoak dira. Eta, ez naiz ni izango pertsonaiak sortzen duen zalantzaren inguruko azterketa egingo duena, bere alderdiak ikertu zuen Bastida berak elkarrizketan dioen gisan. Ez da askotan gertatzen den gauza.
\
\
Baino nahiko nituzke ilustrearen hainbat erabaki bere lekuan jarri, seguruenez beste hainbat ere egongo dira. Denon artean egin beharko genuke horien inguruko memoria. Nik hamar erabaki txar aipatuko ditut:
\
\
1.- Ibaiederreko pantanoa. Bai, Ibaederrek zerbitzu ona eskaitzen dio beste herriei. Baina… ze lortu zuen gure herriak? Ibaieder inguratzen duen pista Udalak ordaindu zuen eta mantenua ere azpeitiarrok ordaintzen dugu. Urtegia egin bai, baina ez zuen Nuarben urik jartzeko, are gutxiago saneamendua bermatzeko bitartekorik jartzeko “detailerik” izan. Ez dugu onurarik jasotzen erabaki horrengatik. Eta bai, Zarautzeko ondartzara goazenean TAO ordaintzen dugu.
\
\
2.- Depuradora. Bailarako zikinkeri guztiak Azpeitiko Lasaon garbitzen dira. Gure herriak zerbait lortu du? Ez. Ezer ez. Ezta tasa txiki baten onurarik ere. Dena ez izan arren hori.
\
\
3.- Lapatx. Zabortegia egin zen Josemarik bultzatuta. Eta lurrak Udalak erosi zituen. Zabortegia inguruko beste inguruko herrien jabegora utzi zuen. Jakingo duzuen gisan, Urola Erdiko Mankomunitatearena da azpeitiarrok jasaten dugun zabortegia. Konpentsazio gisa, Gipuzkoako zabor guztiak jaso ostean, berrehun mila euro eskaz urteko. Egia izanik, hala ere, azken hiru urteetan zabortegiari etekin ekonomiko gehiago ateratzea lortu duela Udalak.
\
\
4.- Etxebizitzak. Jaurlaritzak ez zuen etxebizitza bat ere sustatu Azpeitian. Dena pribatua. Kasualitatea edo ez. Alderatu dezagun beste herriekin. Promozio pribatuak izan ziren nagusi gurean. Erkidego osoko inbertsio aukerak galdu ziren. Datu objetiboak dira eta edonork ikus ditzazke.
\
\
5.- Corrugados. Josemari Bastidak beste erabaki estrategiko txar baten bidez Azpeitian enpresari irtenbidea bilatu ordez, herri erdian mantentzea erabaki zuen. Herria Loiola alderuntz hasiaraziz eta han etxe sustapena bultzatuz. Herria zabaldu eta erdigunea galdu araziz.
\
\
6.- Lur industrialak. Azpeitia aldemeneko herriekin konparatuta promozio pribatuen erreinua izan zen eta Sprilur (Jaurlaritzak) ezin izan zuen polígono industrial txukunik sustatu. Tristea benetan, eta oraindik ordaintzen duguna. Dena pribatua izan zen eta inbertsio publikoa aukerak galdu ziren.
\
\
7.- Trena. Urolako trena kendu zen Josemari Bastidaren garaietan. Trena galdu zuen bailarak eta Azpeitiak, sinistu ezineko kudeaketa txar hori, oraindik ere ordaintzen ari gara Azpeitiko herritarrak.
\
\
8.- Bariantea. Josemari Bastidak Izarraitz magalean egin nahi zuen bariantea. Arrazoiak oraindik ez dira ezagunak baino zurrumurru handiak daude horren inguruan ere. Eta azkenean eztabaida gora eta behera Azpeitiak ez du barianterik. Herria bitan sakabanatzen duen errepide bat du.
\
\
9.- Azautza. Josemari Bastidak Esklabetan eta Azautzan izan zuen papera oraindik ere epai bidean dago. Udalari miloika peseta kostatu zaio eta bizilagunei lorik egin gabeko ordu asko.
\
\
10.- Kiroldegia eta igerilekua bi instalaziotan. Ez sinistekoa hau ere. Non ikusi da kirol instalazioak bitan banatzea? Noren buruan sartzen da kirol instalazioak kirolariei beraiei egiten dien kalteaz gain, zerbitzu kostuak biderkatzen dituen aukera lehenestea?
\
\
Kudeaketa eskasaren eraginez gure herrian dena egiteko zegoen garaietan aukera handiak galdu ziren. Gure herriak inguruko herriekin konparatuz oinarri eskasak ezarri zituen. Begiratu besterik ez dago. Hor dabil beste batzuekin konparaketak egiten baino ez dauka harro egoteko motibo handirik gure alkate ohiak.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide