Otsailaren 27a egun handia da sahararrentzat. 1976. urtean, Fronte Polisarioak Errepublika Arabiar Demokratiko Saharauia aldarrikatu zuen, gaur egunera arte diharduen borroka bati hasiera emanez.\
\
Horren harira, datorren asteartean, martxoaren 1ean, 19:00etan Sanagustin kulturgunean hitzaldi interesgarri bat antolatu dugu, Kharmar Saharar herriaren aldeko elkarteak, eta Elkar-ekin elkarteak elkarlanean.\
\
Saharar herriari buruzko lau begirada, zein baino zein interesgarriagoekin, mahai-inguru bat osatuko dugu. Bertan, Hassanna Aalia, Espainiako Gobernuak ezarritako kanporatze agindua duen ekintzaile sahararra; Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkate ohia eta saharar herriaren laguna; eta Embarca Belkher, Azkoitian bizi den ekintzaile sahararra izango ditugu. \
\
Bakoitzak saharar herriari buruzko begirada bat azalduko digu; Hassannak lurralde okupatuetako errealitatea kontatuko digu, Juan Karlosek herrien arteko kooperazioari buruzko hausnarketa konpartituko du eta Embarcak, saharar gizartean emakumeak duen garrantzia azalduko digu. Mahai ingurua, Irati Labakak gidatuko du, joan den udan Askapenarekin lurralde okupatuetara joateko aukera izan zuen gazte beizamarrak.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide