Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea), proiektuko kide diren hogei garapen agentziekin batera -horien artean Iraurgi Lantzen-, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean, Hazilan laneratze-proiektua jarri du abian, 2016-2021 aldian gazteentzako 5.000 enplegu sortzeko helburuarekin; horietatik %55 emakumeentzat izango dira.\
\
Langabezia egoeran dauden 20 urtetik 35 urtera bitarteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa dutenak) laneratzeko proiektua da Hazilan. Kolektibo horrek, prestakuntza-maila handia badu ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako bestetik. Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez. Hazi proiektuari esker, garapen-agentziek etorkizuneko proiektuak dituzten enpresak zein diren jakingo dute, eta enplegu bat lortzeko behar dituzten baliabideak jarriko dituzte gazteen eskura, haien gaitasunak indartuz eta kudeatzen lagunduz.\
\
Hazilanen lanak enpresen benetako premiak ditu abiapuntu. Urte hauetan garapen agentziek egiaztatu dutenez, enpresek pertsona ekintzaile eta sortzaileak behar eta eskatzen dituzte, laguntza beharrik ez duten pertsonak, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak, eta beren zereginak espero diren helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak. Konpetentzia eta gaitasun horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira ikastetxe bateko ikasgeletan eskuratzen. Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.\
\
Hazilanek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua. Proiektuak fase bidezko ibilbidea proposatzen du. Lehen fase batean, pertsonen aktibazioa bilatzen da, helburua pertsonak prestakuntza pertsonalizatu baten bitartez eta 'coach' baten laguntzaren bitartez aktibatzea da; horretarako, alderdi psikologikoak eta emozionalak ez ezik, lanbide garapena lortzeko behar diren konpetentziak ere landuko dira.\
\
Jarraian, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dira, praktikak gauzatzen dira, edo enpresa-proiektuetan parte hartzen da.\
\
Proiektu honi buruzko xehetasun gehiago ondorengo loturetan aurkitu daitezke:\
http://iraurgiberritzen.eus/images/iraurgiberritzen/berriak/2016/HAZILAN_Proiektua.pdf\
http://www.hazilan.eus/\
\
Proiektu hau laburrean jarriko da martxan Urola Erdian eta horren berri emango dugu eskualdeko komunikabideetan.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide