Emozioz beteriko Udaberriko Argazki Rallya

Atzo, apirilak 3, izan zen Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako XXXIX. Udaberriko Argazki Rallya. Aurtengoa, baina, rally berezia izan zen. Izan ere, Azpeitiko Argazki Elkarteko lagun eta kide zen Jose Antonio Zabalaren izenean egin zen.\ \ Rallyak iraun zuen bitartean emozio berezia nabari zen, gehienbat Josean Zabalaren gertuko lagunen artean. Parte hartzaileak iristen ziren bitartean, izen-ematean eta ondorengo bazkarian Zabalaren argazkia izan zen ikusgai. Argazki rallyan parte hartu ez zuen jende asko animatu zen bazkarira, Jose Antonio Zabalaren lagunak denak, argazki elkartekoeomenaldi txikian parte hartuz. \ \ Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herrietako lagunek hartu zuten parte atzoko rallyan. Barakaldo, Eibar, Zestoa, Zumaia, Zarautz, Errenteria, Irun, Legazpia eta Soraluzetik etorritakoak, hain zuzen. Guztira 80 pertsonek hartu zuten parte, 72 helduk eta 8 gaztetxok.\ \ Zozketa egin ondoren, honako hauek izan ziren parte-hartzaileei argazkiak ateratzeko jarri zitzaizkien gaiak: lasaitasuna, emandako materialarekin konposaketa librea, oinetxea, pikatu konposaketa, gai sorpresa. Azken hori, Azpeitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira jarritakoa izan zen. Horrela, musika bandako hainbat kideri argazkiak atera behar izan zizkioten parte-hartzauleek. Argazki elkartetik eskerrak eman nahi izan zizkioten musika bandari, rallyan parte hartzeagatik eta egindako ekarpenagatik. \ \ Ibilbide osoa Azpeitian egin zuten eta hamaiketakoa egiteko tartetxoa ere hartu zuten, Zelai Luze elkartean. Gainera, eguraldia lagun izan zuten argazkilariek, bide osoan zehar lainoak eta eguzkia txandatzen izan baitziren.\ \ Aukeratutako argazkiak, apirilaren 10a, igandea, baino lehen bidali behar dira argazkiakaae@gmail.com helbidera. Aukeratutako argazkiekin batera, partaide bakoitzaren izen abizen eta partaide zenbakia jarri beharko dira. Komeni da argazkiak horizontalak edo bertikalak diren adieraztea.\ \ Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, sari banaketa ekitaldia apirilaren 30ean izango da, 18:00etan Burdinbidearen Euskal Museoan. Bertan, sari banaketaz gain, parte hartzaile guztien irudiak ere eskainiko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide