Erraustegiaren aurkako giza katera joateko autobusa antolatuko du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2016ko mai. 16a, 09:19

Ohar honen bidez, Azpeitiko Elkar-ekin taldeak bat egin nahi du maiatzaren 29an Donostian egingo den giza-katearekin. Denbora da Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruko interesak aurrez aurre daudela. Batetik, birziklatzearen aldeko politikak bultzatzearen eta zero zabor filosofian sakontzearen aldekoak daude, eta bestetik, hondakinak erretzearen aldekoak. Horietatik, aipatutako aurrenengo jarreran kokatzen du Elkar-ekinek bere burua, argi eta garbi, hondakinen kudeaketan murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen alde eginez.\ \ Gai horren atzean dauden interes ekonomikoak ez dira berriak. Planta horien kudeaketaren eta hondakinak erreta sortu den energiaren erabileraren atzean enpresa kapitalista handiak daude, eta egungo Diputazioa enpresa horiei men egiten ari da, azken kontratuek erakutsi duten bezala.\ \ Guk sortzen ditugu hondakinak eta guri dagokigu horien kudeaketa egokia egitea, ingurugiroan ahalik eta inpaktu gutxien izateko. Horrez gain, Gipuzkoako hainbat medikuk gaiaz egiten dituzten azken informeak ere kontuan hartzekoak direla uste dugu, izan ere, errauskailuen eta hainbat gaixotasunen arteko lotura, horien artean minbizia, aipatzen dituzte. \ \ Gure ustez bi bide landu beharko genituzke errauskailua gelditu eta hondakinen kudeaketa jasangarri bat lortzeko bidean. Batetik, herritik hasita, hondakinen murriztea, berrerabiltzea eta birziklapena bultzatuko dituzten neurri egokiak hartuz, gaian aurreratzeko pauso asko emateko ditugula agerikoa baita. Bestetik, errauskailuaren aurkako presio soziala indartzea beharrezkoa ikusten dugu, une honetan herritarrok soilik gelditu dezakegulako horrelako astakeria bat.\ \ Maiatzaren 29an Donostian egingo den mobilizazioa lantzeko buzoneoa egingo dugu herrian datozen egunetan, eta kartelak ere itsatsiko ditugu. Bertaratzeko autobusa ere jarriko dugu eta laster emango ditugu horren inguruko zehaztasun guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide