Emakumeen ikasturte amaierako jaialdian, 'Kapulana bat zintzilik' emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu.\
\
Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean. Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia. Tarte horretan kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz, edota hizkuntzaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txiki eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da 'Kapulana bat zintzilik'.\
\
Emanaldia maiatzaren 20an, ostirala, izango da, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.\
\
Honekin batera, eta hilaren 23a bitartean, Mundukide erakundearen 15 urteko lanaren argazki erakusketa izango dugu erakusgai Sanagustinen bertan.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide