Boto paperetatik Arnaldo Otegiren izena ezabatu digute. ‘Aukeraezina’ omen da. Ezin omen dugu guk aukeratu gure ordezkaritzat nortzuk nahi ditugun. Lehenik Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak egin gisan, Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi, EH Bilduko oinarriek aukeratutako lehendakarigaia, irailaren 25ean ezingo dugula bozkatu erabaki du. Beste behin Euskal Herritik kanpo hartu dute erabakia. Beste hainbatetan egin gisan. LOMCE nahiz Lan Erreformaren gisan, besteak beste.\
\
Espainiako Estatuak arazoa ez du Otegirekin. Euskal Herriarekin du; gure herriaren gogo eta borondate demokratikoarekin. Estatua edozein eremutan euskal herritarrei dagozkien erabakiak hartzen ari da, eta, horrek, argi erakusten du gure autogobernu maila zein den. Eta, beraz, berarekin dakar burujabetzaren, independentziaren bidea urratzeko beharra. Hemen eta orain.\
\
Otegiren inhabilitazioaren aurrean, hala ere, Otegik berak jarraituko du EHBilduren ahotsa izaten. Eta parlamentuan, EH Bilduk finkatutako bide orria osatu dugun lan talde paregabeak eramango du aurrera.\
\
Argi dugu guk. Oztopo guztien gainetik irri eginez, herria egiten segituko dugu. Ilusioa, gogoa eta lanerako grina izango dira horretarako osagaiak aurrerantzean ere. Injustiziak salatuz, EH Bilduren herri proiektua, proposamen politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturala garatzen jarraituko dugu. Horretarako bi zita ditugu datozen egunotan, Azpeitian.\
\
Lehenengoa bihar, osteguna, 20:00etan, Arnaldo Otegiren inhabilitazioa salatu eta babesa adierazteko argazki jendetsua aterako dugu EHBilgunean (Goiko Kale).\
\
Bigarrena, berriz, datorren astelehenean, irailaren 12an, hauteskunde kanpainako ekitaldia egingo dugu Arnaldo Otegirekin eta Maddalen Iriarterekin batera.\
\
Egin irri, lagunok! Egin herri! Lehendakaririk onena herria delako.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide