Preso gaixoak aske uztea eskatzeko, osasun arloko profesionalek argazkia aterako dute

Azpeitiko anbulatorioko hainbat profesionalek argazkia aterako dute ostegunean, 11:45ean, preso gaixoak aske uztea eskatzeko. Osasunaren arloan lan egiten duten bestelako profesional guztiek (sendagile, erizain, psikologo-psikiatra, espezialista, okulista, farmazilari, eta abar), aldiz, larunbatean 12:00etan aterako dute, anbulatorio aurrean. \ \ Urriaren 15ean Donostian preso gaixoak aske uztea eskatzeko manifestazioa deitua du Sarek, eta horren inguruan, Azpeitian ekimen desberdinak egingo ditugu. Batetik, larri gaixorik dauden euskal presoen informazioa herriratzeko asmoz, panel batzuk jarri ditugu plazan eta Loiolako etorbidean. Gaur egun, 10 dira gaixotasun larria eta sendaezina izateagatik aske egon beharko luketen presoak (informazio guztia: www.sare.eus/dosierrak).\ \ Bestalde, osasunaren arloko profesionalengana joan gara preso gaixoen egoeraren berri ematera eta beraien askatasuna eskatzeko argazkira gonbidatu ditugu.\ \ Ostiral honetan, hileko azkena izanik, 'Preso Gaixoak Askatu' lemapean elkarretaratzea egingo da plazan, 19:00etan. \ \ Eta hurrengo asteazkenerako, urriak 5, 19:00etan Sanagustin kulturgunean hitzaldi interesgarri bat antolatu dugu. Idoia Ibero eta Joxe Mari Agirretxe ('Porrotx' pailazoa bezala ezagunagoa) Sarekideak izango dira hizlariak eta preso gaixoen egoera nolakoa den azalduko dute. Aipatu behar dugu Joxe Mari Agirretxe Ibon Fernandez de Iradi esklerosi anitzarekin gaixo dagoen presoaren osaba dela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide