\"Nola kudeatuko ditugu hondakinak Azpeitian?\" galderari erantzuteko mahai-ingurua izango da azaroaren 9an Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Elkar-ekinek eta Lapatx-Elosiaga inguruko auzotarrek antolatu duten manifestazioari begira antolatutako bigarren mahai-ingurua izango da azaroaren 9koa.\
\
Duela bi aste medikuak eta abokatuak izan ziren errauskailuaren gaiari tiraka hizketan aritu zirenak. Oraingoan, berriz, herrira etorri eta Azpeitian hondakinen gaiaren bueltan eman beharko genituzkeen urratsez aritzea da helburua.\
\
Horretarako, Aitor Bereziartua EH Bilduko hautetsia eta Itsaso Beitia Arrasate Zero Zaborreko laguna izango dira hitza hartzen aurrenak. Bereziartuak Lapatxen egoeraz eta Azpeitian jartzea onartu den sistemaz berriaz hitz egingo du. Itsaso Beitiak, aldiz, Arrasateko esperientzia azalduko du, Azpeitian jarri asmo den sistemarekiko dituen antzekotasunak medio. Hitzaldia amaitutakoan, mikrofonoa irekiko zaie bertaratzen direnei, eta nahi duenak bere iritzia azaldu edo galderak egiteko aukera izango du.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide