'Testurak' bertso saioa Azpeitira iritsiko da datorren astean.\
\
'Testurak' Emakumeen Etxeen Sarea eta Ahalduntze Bertso Eskolaren elkar-lanari esker sortutako ekimena da. Emakume idazle ezberdinen testuak abiapuntu hartuta, bertsolariak sormen ariketan arituko dira saio honetan.\
\
\"Testutik testura, zabaletik estura eta eskutik eskura jarri nahian sormenaren freskura.\
Testutik testura: testuak, nork bere egiten dituenean, 'testurak' baitira\".\
\
Euskal Herriko Emakume Etxeetan ari dira emanaldiak egiten eta Azpeitikoa datorren asteazkenean, azaroaren 9an, izango da, 19:00etan, Emakumeen Txokoan. Azpeitiko saioan parte hartuko duten bertsolariak Maialen Akizu, Rosi Lazkano, Ane Labaka eta Onintza Enbeita izango dira. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre izango da.\
\
Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak saio honetara gonbitea luzatzen dizue!\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide