Gaur arratsalderako deitu den mobilizazioarekin bat egin du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2016ko aza. 16a, 15:03

Urriaren erdialdetik hona Altsasun ikusten ari garena eskandalu bat da. Sasi-kazetaritzaren zirku bat. Eta goizaldeko ordu txikietan taberna giroan izan zen liskarraren ondotik Guardia Zibilak egin dituen atxiloketak aberrazio juridiko/politikoa dira. Altsasukoa neurrigabea, onartezina da. Bertsio faltsua hauspotzeko muntaia bat, berniz juridikoaz eta lehengo garaietara eraman nahi gaituena. Desmilitarizazioaren inguruko eztabaida politikoa kriminalizatzea helburu duena. \ \ Terrorismo delitupean, espetxeratuta eta 10-15 urteko espetxe arriskuan daude momentu honetan Altsasuko sei gazte. \ \ Sei gazte horien bizitza proiektuak, ametsak, baldintzatu nahi dituzte. Sei familiaren etorkizuna suntsitu. Herri batek bakean bizitzeko duen eskubidea ukatu. Espetxeak husteko garaia den unean, helburu politikoak medio, preso kopuru handiegiari beste sei gehitu. \ \ Normalizazio sozial eta politikoa eta elkarbizitzaren eraikuntza oztopatzeko saiakera nabarmena da. Bultzada politiko bati erantzuten dion erabakia. \ \ Guk argi dugu. Gure helburua benetako bizikidetza eta normalizazioa dira. Eta une larri honetan, elkartasun osoa adierazi nahi diegu gazte horiei eta Altsasuko herriari. Hori horrela, Azpeitiko EH Bilduk bat egiten du arratsalderako deituta dagoen mobilizazioarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide