Berri pozgarria jaso genuen atzokoan. Urte gehiegi eta gero, Lapatx zabortegia itxi egingo da. Asko sufritu ditugu Azpeitiarrok zabortegiaren eraginak, eta nola ez, bereziki bere gertuen bizi direnek.
\
\
Ez da lehen aldia itxiera egun bat jartzen dela, baina oraingo hau benetakoa izango delakoan gaude. Azaroaren 30etik aurrera ez da errefusarik jasoko Lapatxen; hau da, zabortegi bezala langa botako du, baina erronka ez da langa botatzea soilik.
\
\
Ez dugu zabortegia berriro irekitzeko zirrikiturik utzi nahi, klausuratu egin behar dugu zabortegia, eta hori bide luzea izango bada ere, norabide egokian goazelakoan gaude.
\
\
Egun hauetan hainbat kartel, pankarta… ikusi ditugu herrian Lapatx itxi bezalako leloekin. Baina batek laburbiltzen du ongi azpimarratu nahi dugun ideia, “Burua duenak ez du etxe ondoan nahi, bihotza duenak inon ere ez!”. Bada garaia XXI. mendean gure hondakinak modu arduratsuan kudeatzeko.
\
\
Zentzu horretan Azpeitiarrok etxeko lanak egin gabe ditugu. Gaika bilduko duen sistema bat jarri behar dugu martxan (datozen hilabeteetan jarriko da Azpeitian) eta gure gaikako bilketa egungo %40 portzentaitik %70era igo. Hori da egin dezakegun ekarpenik handiena eta horretarako herritar guztion konpromisoa beharrezkoa dugu.
\
\
Baina zabortegiak jasangarriak ez direla badiogu, zer esan erraustegiari buruz. Zer erretzen dugun jakin gabe nola esan daiteke osasunarentzat ez dela kaltegarria izango? Nola justifikatu daiteke Europan erraustegiei irtenbidea eman nahi zaienean, datozen hamarkadetarako hipotekatuko gaituen sistema hau garatzea? Nola justifikatu birziklapena mugatzen duen sistema garatzea? Nola daiteke gipuzkoar guztion poltsikoak hamarkadetan hipotekatuko dituen sistema bat martxan jarri?
\
\
Pozgarria da beraz, atzoko albistea. Lapatxen klausura gertuago dugu, baina urrats asko eman behar ditugu. Norabide horretan txalotu egin nahi ditugu herriko zenbait eragile eta bizilagun azken aste nahiz hilabeteetan egiten ari diren ekimen nahiz hitzaldiak. Ezinbestekoa da herritarrek hitza hartzea, herritarrek politika ausartagoak exijitzea instituzioei, herritarrek mundu jasangarriago bateranzko bidean bultza egitea.
\
\
Horregatik, Azpeitiko EH Bilduk ere larunbat honetarako deitu den manifestaldiarekin bat egiten duela adierazi nahi dugu. Bertan izango gara. \'Lapatx itxi. Erraustegirik ez. Birziklatu eta berrerabili\' leloarekin bat egiten dugulako eta aurrean ditugun erronkak aurrera eramateko herritarrok izan behar dugulako protagonista.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide