Emaitza bikainak asteburuan

Joan den asteburuan bi txapelketatan hartu zuten parte Izarraitz Igeri Elkarteko infantil, junior eta absolutuek. Izarraitzeko mutilek Ordizin jokatu zen Gipuzkoako taldeen arteko kopan eta neskak berriz, Euskal Herriko Taldeen Kopan Irungo Azken Portu igerilekuan.\ \ Izarraitzeko neskek, Euskal Herriko kopan lehiatu dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako zortzi talde honenekin batera. Aurtengo Euskal Herriko taldeen arteko kopari ilusioz eta itxaropentsu begiratzen genion. Gero igerilekuan, bai uretan, bai uretatik kanpo, taldeak ez digu hutsik egin. Talde modura lan egin dute, uretan gogor eta bikain eta begira zeuden taldekiedeek igerileku ertzetik gogoz animatzen. Horrela, lau jardunaldi ostean, Izarraitzeko neskek laugarren postua lortu zuten, Bidasoa, Getxo eta Iruñako Amaya taldeen atzetik. Txapelketa hori Euskal Herrian taldeka jokatzen den garrantzitsuena da eta horrek erakusten du zer nolako maila dugun Azpeitian.\ Maider Etxezabal, Ainhoa Goenaga, Oihana Goenaga, Maialen Aizpuru, Eva Astigarraga, Jone Goenaga, Nerea Berasategi, Angela Ocio, Maialen Sudupe eta Maitane Goenaga izan dira taldea osatu duten igerilariak. \ \ Mutilen taldeari dagokionez, berriz, bakarkako probetan ondo lehiatu arren, taldeko sailkapenean ezin izan zuten lortu aurreko postuetan egotea, igerilari kopuru txikia dutelako. Aitzol Agirregomezkorta, Pablo Etxeberria, Iñaki Etxeberria, Joanes Astigarraga, Asier Ganzarain, Ander Etxabe eta Ixak Gesalaga aritu ziren Izarraitz Igeri Elkartearen izenean Ordizin ospatu zen Gipuzkoako kopan.\ \ Zorionak guztiei eta segi lanean!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide